https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Osteguna Rock Festival izango dugu gaur, Gasteizen

Osteguna Rock Festival izango dugu gaur, Gasteizen

Andre Maria Zuriaren plazan izango da 18:30etik aurrera

PAUL PICADO

Rocka gustukoa baduzu aukera paregabea izango duzu gaur, arratsaldean, Andre Maria Zuriaren plazan horretaz gozatzeko. Izan ere, bertako eta kanpoko lau rock talde arituko dira, 18:30etik aurrera, arratsaldea eta gauaren zati bat alaitzeko asmoz. Lau talde horiek, Gasteizko Radiofobia, Bartzelonako Las Furias, Stockholmeko Doojiman & The Exploders eta Bartzelonako The Golden Grahams izango dira.

Jaialdiari hasiera emateko Gasteizko Radiofobia taldea arituko da 18:30ean. Talde gasteiztarra, berez, rock taldea da baina badu punk iparramerikarraren eragina ere. Hasiera batean laukotea zen baina azkenean hirukote moduan geratu da, euren ustez jende gutxiagoarekin hobeto molda daitezkeelako lanetan ados jartzerako orduan.

Urtebete eman zuen lehen diskoa aurkezten eta 2016. urtetik oso kontzertu gutxi eman ditu. Bigarren diskoa ikusteko 2019. urtera arte ere itxaron beharko dugu. Lehen ikusle bezala joaten ziren jaialdi honetara, eta, orain, talde bezala parte hartzea sari handia da beraientzat.

Gasteizko taldearen ondoren Las Furias talde bartzelonarra arituko da 19:20an. Taldea 2007. urtean sortu zen, Las Perras del Infierno taldeko bi kidek beren taldea desegin eta Las Furias sortu zutenean. Punk rock taldea da eta 2010. urtetik aurrera hiru emakumek osatzen dute. Espainia osotik ibiltzeaz gain, Londres, Frantzia, Suitza eta Berlinen ere aritu dira, eta Mexikon arrakasta handia lortu zuten.

Honen ondoren, Doojiman & The Exploders taldeak joko du 21.00etan. Suediako talde gaztea da, izan ere, kide guztiek hogei urte inguru dituzte. 60eko eta 70eko punk rock taldeen eragina nabari da bere musikan, baina 90eko taldeen eragina ere badute. Lehen diskoa 2016. urtean plazaratu zuten eta oso harrera ona izan zuen jendearen artean.

Azkenik, jaialdiari amaiera emateko, 22.30ean, The Golden Grahams talde bartzelonarra arituko da. 2008. urtean sortu zen rock taldea dugu, kideek 15 urte besterik ez zituztenean. Aurrekoek bezala rocka erabiltzen du bere abestietan, baina honek bere estilo propioa du. Lehen lana 2014. urtean atera zuten eta oso iritzi onak jaso zituen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos