https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Oskar Alegriaren 'Emak bakia baita' filma, gaur, Gasteizen

Oskar Alegria zuzendaria./
Oskar Alegria zuzendaria.

Emanaldia Oihaneder Euskararen Etxean izango da, 19:00etan

PAUL PICADO

Oskar Alegriaren 'Emak bakia baita' izeneko filma emango dute gaur, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeko Ortuño aretoan, 19:00etan. Filma zuzendu duen Oskar Alegriak berak egingo du lanaren aurkezpena, eta amaitutakoan egingo den solasaldian ere parte hartuko du. Mundu osoko hainbat zinemalditan aurkeztu du Alegriak lan hau, eta sari asko ere irabazi ditu.

'Emak bakia baita', berez, Man Ray zinemagile estatubatuarrak 1926. urtean zuzendutako film abangoardista baten izenburua da. Izen hori, Miarritzetik hurbil dagoen etxe baten izenetik hartu zuen, Rayk etxe horretan ematen zituelako oporrak, eta filma etxe horretan bertan ere filmatu zuen. Bestalde, 'Emak bakia' euskal esamolde bat da, eta 'utzi bakean' esan nahi du. Izena berezia denez, Oskar Alegriak etxe hori bilatzea erabaki zuen, eta hori da hain zuzen ere film honetan erakutsi nahi izan duena.

Baina Rayren etxe horren hiru plano bakarrik ezagutzen dira: lehenengoan, etxeko ate nagusiaren irudia agertzen da; bigarrenean, leiho bateko bi zutabe, eta hirugarrenean, etxetik hurbil zegoen kostaldearen zati bat. Bilaketa, beraz, zaila izan zela onartu du zuzendariak. Izan ere, izen hori ez zegoen artxiboetan, eta ez zen inor gogoratzen etxe horretaz.

Oskar Alegriaren film luze bakarra dugu hau, eta Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi Sailean estreinatu zuen, lehen aldiz, 2012. urtean. Oso iritzi onak jaso zituen lehen emanaldi horretan, eta gero, mundu osoko 70 zinemaldietan ere aurkeztu du. Guztira, 15 sari irabazi ditu. Lan honez gain, euskal dantzei buruzko film laburren sorta bat, eta Jorge Oteizari buruzko liburu bat ere idatzi du.