Oscar sarietako garrantzitsuena
Buru-belarri ·
Hollywoodeko zinemaren jai nagusiak oso momentu interesgarriak utzi zizkigun. Will Smithek Chris Rocki emandako jipoioa baino askoz gauza gehiago gertatu zirenOscarretan Amy Shumer aktoreak galdetu zuen bezala, 'gauza interesgarririk gertatu zen sari banaketan?'. Badirudi gauza bakarra jazo zela eta gainontzekoek ez dutela axola. Tamalez, jipoiak dena lausotu zuen. Badirudi ez zirela saririk eman, eta 'CODA' ez zuela harresi guztiak apurtu. Oscarrak banatzen direnean, biharamunean beti telebista aurrean gosaltzen dut. Aurten gauza bera egin dut, baina kafea amaitutakoan garaileen zerrenda ez nuela ezagutzen nabaritu nuen.
Azkenean Penelope Cruzek irabazi ote zuen? Agian, Javier Bardemek edo Alberto Iglesiasek? Ia kasualitatez jakin nuen Alberto Mielgok bere lehen Oscar saria irabazi zuela 'Limpiaparabrisas' izeneko film laburrarean egindako lanari esker. Ez zuen inork zinemari buruz hitz egiten. Denek masailekoari buruz mintzatu ziren. Eta irabazleak...? Auskalo.
Eta horrek ia eraso bera baino gehiago nazkatzen nauenez, zutabe honetan sari banaketaren laburpenean ikustea gustatu nahiko nukeena aipatu nahi dut. Hasteko, esandakoa: Alberto Mielgok bere film laburragatik zerua ikutu zuen. Baina Akademiak erabaki zuen hori ez zela garrantzitsua eta ez zuen bere hitzaldia telebistatik eman. Zortzi kategoria ez ematea erabaki dute, 'inportateak' ez direlakoan eta gala arintzeko. Oscar saridunak Oscar sari banaketan bertan marginatzen badituzte... akabo.
Galan graziarik gabeko beste txantxa batzuk ere egon ziren. Amy Shumer-ek Kristen Dunst oso egoera deserosoan jarri zuen. Ez zuela zertan ekitaldi horretan egon behar esan zion eta bere eserlekutik altxatu zuen. Penélope Cruz, Javier Bardem-en emaztea bezala agurtu zuen ere Chris Rockek. Baina Bardemen emaztea izateaz gain, aktorea da. Eta oso ona gainera. Izan ere, bere senarra bezala, Oscar bat irabazi du eta lau aldiz proposatu dute saria irabazteko.
Baina dudarik gabe momenturik hunkigarriena Lady Gaga eta Liza Minnellirekin bizi genuen. Lehenengoak egundoko miresmena erakutsi zuen Minnellirengan eta adeitasun osoz tratatu zuen. Benetan gaueko unerik berezi eta bitxiena. Hori bai izan dela behin eta berriro ikustea merezi duen pasartea.