Fotolia

Osasungintza arazo

Adinkide artean biltzen zarenean, familiakoekin, lanekoekin nahiz aspaldiko adiskideekin, adinaren arabera aldatu egiten dira elkarrizketak, gai desberdinek hartzen dute gaina. Seme-alaben inguruko elkarrizketa luzeak, guraso zaharren zaintzak edo, adin nagusikoen artean, osasun kontuak.

Publicidad

Badira urte batzuk aspaldiko adiskide batzuk arratsalde batez bildu ginela, dozena erdi emakume adindu. Bertako batek esan zuen anai-arrebekin biltzen zirenean bakoitzak bost minutu zituela gaixotasunak edo adinaren ajeak aipatzeko eta handik aurrera debekatua zegoela gaia. Egiaztatu omen zuten arau hori gabe osasunaren inguruan joaten zela egonaldi osoa.

Bada, azken boladan, gai berri bat gainditu zaie betiko gaiei, lehen, nire inguruan behintzat, gutxitan agertzen zena. Osasunarekin du zerikusia edo, zehazkiago, osasun faltarekin. Arratsalde osoa joan daiteke bildutako bakoitzak Osakidetzaren inguruan dituen esperientziak aipatzen, anbulatoriokoa, espezialistena edo ospitalekoa.

Ez da aspaldiko kontua, baina gutako edonork egiazta dezake gaiak edozein bileratan duen lehentasuna. Nire esperientziaren arabera, lehen eta bigarren mailak dira kezka gehien sortzen dutenak, lehen arreta eta espezialistena. Ospitaleak oraindik salbatzen dira.

Egian esan, batzuetan iruditzen zait gure osasun sistemak aje hori duela, 'ospitalitis' izenda daitekeen gaixotasuna. Eta hor ere, batez ere Gipuzkoan eta aspaldian Donostiako Ospitalearen inguruko tira-birek eragina izan dute. Ez da ausardia handia behar esateko osasungintza kezka zabaldua dela azken boladan gure artean.

Publicidad

Uste genuen munduko osasun sistemarik hoberena genuela, eta orain, pandemia eta gero, ez gaude hain ziur. Agian ez zaigu guri zuzenean ospe hori ahuldu duen ezer gertatu, baina guztiok entzun dugu beste norbaiten arazoa.

Kezkatuta gaude, dudarik gabe.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad