https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

ORWELL ETA TOLSTOI

George Orwell idazlea./
George Orwell idazlea.

'1984' eta 'Abereen etxaldea' eleberriengatik da batez ere ezagun George Orwell idazlea

ARITZ GORROTXATEGI

'1984' eta 'Abereen etxaldea' eleberriengatik da batez ere ezagun George Orwell idazlea. Baditu beste zenbait eleberri interesgarri, eta horien artean azpimarra daitezke: 'Down and Out in Paris and London' eta 'Keep the Aspidistra Flying' (gaztelaniaz, bere garaian, '¡Venciste Rosemary!' izenburuarekin Destino etxeak argitaratua). Baina, fikzioa alde batera utzita, Orwell pauso sendoz nabarmendu zen saiakeraren eta lekukotzaren alorrean. Haren saiakera luze azpimarragarriena 'Omenaldia Kataluniari' da, non Espainiako Gerra Zibilean zuzenean bizitakoak kontatzen dituen. Liburu hark eragin handia izan zuen bere garaian sobietar komunismoaren gehiegikeriak salatzeko. Haren nobelak saiakera horren hedadurak dira neurri handi batean, gai beraren bariazioak fikziozko gorputzarekin. Gutxiagotan aipatzen dira, ordea, Orwellek literaturari buruz idatzitako saiakerak, eta lan oso interesgarri eta mamitsuak utzi zizkigun arlo horretan. Esaterako, Dickensi, Kiplingi edota Arthur Koestlerri eskainitakoak. Irakurle porrokatua izaki, ondo ezagutzen zituen bai klasikoak bai bere garaiko literatura ere. Lehen ere hitz egin dut hemen 'Balearen sabelean' saiakera apartaz. Haren lanak kaleratu dituen George Packer editoreak saiakeragiletzat dauka beste ezeren gainetik. «Yeats-entzat bertsoak egitea edo Dickesentzat asmatzen hastea bezain naturala zen Orwellentzat proposamenak egitea, orokortzea, sailkatzea, argudiatzea edota epaitzea».

Orain zenbait urte Debate etxeak Orwellen saiakeren bilduma zabal bat eman zuen argitara. Bilduma horretan literaturari buruzko saiakerak eta artikuluak dira nagusi, baina badira gogoeta politikoak, gerrari buruzko idatziak edota britainiarren ohiturei buruzko testuak ere. Literaturaz ari denean, ingelesez idazten duten egileak aztertzen ditu gehienetan Orwellek. Salbuespenen artean Tolstoi dago. Aipatu bilduman, bi saiakera labur eskaintzen dizkio errusiar idazle handiari. 'Tolstoi eta Shakespeare', 1941ekoa, eta 'Lear, Tolstoi eta Bufoia', 1947koa. Orwellen arabera, zaila da artea eta propaganda banatzea (kontuan izan, gainera, zer garaitan bizi izan zen), epai estetikoak sarritan daude leialtasun politiko eta erlijiosoez kutsatuta, baina ezin da hortik ondorioztatu artelan oro panfleto bat denik. Orwelli sinesgaitza egiten zitzaion 'artea arteagatik' premisa, eta ez zuen sinesten estetizismo hutsean. Bidegurutze batean ikusten zuen etorkizuna: «Zehaztasun estetikoa ez da nahikoa, ezta zuzentasun politikoa ere». Hartara, bidegurutze horren paradigma gisa aurkezten du Tolstoik Shakespeareren aurka idatzitako saiakera ezaguna, 'Shakespeare eta drama' izenburukoa. Tolstoiren ustez, Shakespeare idazle arrunt eta hutsala zen, filosofia koherenterik eta aintzat hartzeko moduko pentsamendurik ez zuena, sinesgarritasun arazo ikaragarriak zituena, eta inolako kezkarik ez arazo sozial eta erlijiosoengatik. Hots, hark baino lehen, bai Voltairek bai Byronek kritika zorrotzak egin zizkioten Stratford-upon-Avon-en jaiotako antzerkigileari. Orwellek arrazoiaren zati bat ematen dio Tolstoiri, baina gai da halaber Shakespeare defendatzeko. Tolstoiren saiakerak erabat suntsitu beharko zukeen Shakespeareren ospea, baina ez zen horrelakorik gertatu. Idazle errusiarrak argudio zentzudun eta arrazoitu asko ematen ditu (eta Orwellek bat egiten du horietako hainbatekin), baina ez da gai Shakespeareren ospe itzela azaltzeko. Itxuraz, mozorroa kentzen dio, baina bizirik eta osasuntsu irauten du. Tolstoiren kritika basatia ahaztuta egongo litzateke gaur egun, baldin eta 'Gerra eta bakea' eta 'Ana Karenina'-ren egilea ez balitz. «Testu orok du», ondorioztatzen du Orwellek, «propaganda alderdi bat, eta, hala ere, iraunkor izan nahi duen ezein liburu, lan edo poemak hondakin moduko bat izan behar du berezkoa duen moral edo zentzuarekiko immunea. Hondakin horri dei diezaiokegu 'artea'».

Bitxiki, Nabokoven ustez, Tolstoiren irakaspenek haren fikzioak kutsatu zituzten. «Baina haren artea hain da indartsua, txundigarria, originala eta unibertsala, ezen aise gainditzen baitu sermoia».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos