https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Orkek eta gizakiok nortasunaren ezaugarri batzuk berdinak ditugu

Orkek eta gizakiok nortasunaren ezaugarri batzuk berdinak ditugu

Ezaugarri horien artean daude izaera jostalaria, poza eta afektua

PAUL PICADO

Espainiako zenbait ikertzailek egindako ikerketa baten arabera, orkek gizakien eta txinpantzeen nortasunaren ezaugarri batzuk ere badituzte, hala nola izaera jostalaria, poza eta afektua. Hori ondorioztatzeko 24 orka aztertu zituzten. Orka horietatik, sei, itsasoan harrapatu zituzten eta gainerakoak gatibualdian jaio ziren.

Orkekin lanean ibili ziren entrenatzaile eta beste langile batzuek 38 nortasun-ezaugarriren arabera sailkatu zuten orka bakoitza. Ezaugarri horien artean zeuden izaera jostalaria, independentzia, burugogorkeria, ausardia, sentikortasuna eta babesa. Ikertzaileek ezaugarri horiek aztertu eta aurretik egindako gizaki eta txinpantzeen nortasun-ezaugarri berekin alderatu zituzten.

Horrela, orkek eta gizakiek antzeko nortasun-ezaugarriak zituztela ondorioztatu zuten. Dena den txinpantzeekin antzekotasun handiagoak zituztela konturatu zien. Gizakiarekin konparatuz, baleek ere izaera jostalaria zuten, taldekoiak eta lagunkoiak ziren. Txinpantzeekin alderatuz, berriz, tematiak, setatsuak eta babesleak ere baziren.

Azterketa egiteko, nortasuna neurtzeko erabiltzen den bost faktoreko eredua erabili zuten. Horren bidez, nortasunaren bost dimentsio ebaluatzen dira, kanporakoitasuna, adeitasuna, kontzientzia, nagusitasuna eta zainketa barne. Eredu hori 1930. hamarkadan garatu zuten, eta nortasunaren ezaugarriak deskribatzeko, adjektibo sinpleak erabiltzen dira.

Hala ere, aztertutako lagina oso txikia da, 24 orka bakarrik aztertu dituztelako, eta ezin da jakin gatibualdian jaio ziren orkek, itsasoan harrapatutako orken nortasun bera izan lezaketen hortik kanpo egongo balira.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos