Urgente En directo, Bilbao Basket-Gran Canaria
Amparo Ereñagak eta Marisa Barrenak ibilbide luzea dute Durangoko gizarte mugimenduetan. e. c.

«Oraindik beharrezkoa da feminismoa aldarrikatzea eta indarkeria matxista salatzea»

Andereak erakunde feministako buru diren Marisa Barrena eta Amparo Ereñagak botako dute aurtengo Durangoko jaietako txupina

irati alonso

Lunes, 10 de octubre 2022, 11:12

Bi urteren ostean, berriz beteko da Durangoko udaletxeko plaza. Oraingoan, bi emakume izango dira jaiei hasiera emateko arduradunak: Marisa Barrena eta Amparo Ereñaga. Euskaltzaleak eta feministak, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra aritzen den Andereak plataformaren buruak dira eta herriko zenbait mugimendutan lan egiten dute duela hainbat urtetik. Ibilbide luze honen aitorpena egin nahi izan dute auzokideek. «Niretzat ohore handia da. Ez nuen espero izendapen hau. Udaletxetik deitu zidatenean, lan bat egiteko zela pentsatu nuen», dio Barrenak barrezka. «Sorpresa handiz hartu nuen berria egia esan», aitortzen du Ereñagak.

Publicidad

Urriaren 12an, 19.00etan, udaletxeko balkoira igoko da bikotea. Ereñagak botako du txupina eta aurretik Barrenak mezu argi bat bidaliko du: «Erasorik ez». «Hori da transmititu nahi dugun mandatu nagusia. Aski da. Urteak igaro dira baina badirudi egoerak ez duela hobera egin. Oraindik beharrezkoa da feminismoa aldarrikatzea eta indarkeria matxista salatzea, izan ere, egunero ikusten ditugu erasoak. Jaiak gozatzeko dira, baina errespetuz beti», azpimarratzen du Barrenak. «Gogoratzen dut gazteak ginenean taldeak egiten genituela neskek beldurra zutelako etxera bakarrik bueltatzean. Egun berdin-berdina gertatzen da eta oso tristea da», adierazten du Ereñagak. «Legearen babesa sentitu behar dugu, bestela jai daukagu», aldarrikatzen dute, instituzioei dei eginez. «Behingoz feministak udaletxeko balkoian egotea oso albiste ona da. Niretzat oso garrantzitsua da, herri osoaren aurrean guztiontzat ezinbestekoa den mezu bat botatzeko aukera dugulako», gehitzen du Barrenak.

«Berebizikoa da nagusiak balkoian izatea, gizarteak ikustea zaharrak izan arren gogotsu eta indarrez jarraitzen dugula»

marisa barrena

Txupin txikia larunbatean, urriaren 15ean, ospatuko da.

Lan handia

50 urteko militantzia du atzean Marisa Barrenak, euskara eta feminismoaren alde egin duela lan. Halaber, Gure Esku eta Ongi Etorri Errefuxiatuak bezalako erakundeetan murgildu da eta folklore taldeetan ere parte hartu du, batez ere «parekidetasunaren aldeko aldarrikapena eginez». Gaur egun hainbat proiektuetan lan egiten du, haien artean Andereak eta baita 'Wikiemakumeok': «Nagusiak izan arren energia eta ilusio handiz lan egiten dugu». «Garrantzitsua da nagusiak balkoian izatea, gizarteak ikustea zaharrak izan arren gogotsu eta indarrez jarraitzen dugula», nabarmentzen du.

Ibilbide luzea egin du ere Amparo Ereñagak. Oso gaztea zela Durangon ume txikientzako lehen haurtegia sortzeko proiektuan murgildu zen. «Emakumeak lan egiten hasten ziren eta umeak norbaitekin utzi behar zituzten. Behar horretatik jaio zen egitasmoa», azaltzen du.

«Egunez edo gauez, garrantzitsuena Durangok egun hauetan duen giroa errespetuz gozatzea da»

amparo ereñaga

Horrela, ekimen ezberdinetan izan dira biak batera. «Duela denbora luzetik ezagutzen gara, bidearen zati dezente bat eskutik egin dugu», dio Barrenak. Horregatik, hitz politak baino ez dituzte bata bestearen inguruan. «Marisa oso saltseroa da eta beti da dibertigarria berarekin egotea eta lan egitea. Niri lotsa gehiago ematen didanez jendaurrean aritzea, bikote ona egiten dugu», adierazten du Ereñagak barrezka. «Lagungarria da bera alboan izatea. Urte asko dira elkarrekin eta momentu hau ere elkarbanatzea polita da», gehitzen du.

Publicidad

Denbora luzea itxaron eta gero, jaietan gozatzeko gogo itzelak dituzte biek. «Parrandazalea naiz betidanik. Gautxoria izan naiz baina adinak orain hori mugatzen du. Hala ere, asko disfrutatzen dut lagunekin bazkariak egiten, dantza egiten, kantatzen, ikuskizunetan parte hartzen... Programa kontu handiz begiratu behar dut egin nahi ditudan ekintza guztietarako denbora ateratzeko», agertzen du Barrenak. Ereñagak berriz, egunean zehar disfrutatu ditu beti San Faustoak: «Kirolaria naiz eta nire gizona ere, hortaz, bazkariak eta eguneko ekintzak nahiago izan ditugu beti. Egunez edo gauez garrantzitsuena Durangok egun hauetan duen giroa errespetuz gozatzea da».

2019ko txupina.

Haurrak, protagonista

Txupin txikiak bere lekua emango die berriz ere aurten etxeko txikienei. Kasu honetan Landako Eskolako umeek botako dute urriaren 15ean goizeko 12.00etan. «Oso pozik gaude», zioten eskolako ordezkariek aurkezpenean. «Ilusio handiz hartzen dugu erronka eta eguna heltzeko irrikitan gaude», azaltzen zuten hunkituta. «Gora Pantxike, gora patxikotxu eta gora Durangoko umeak! Gozatu Durangoko jaiak!».

Publicidad

Ikastetxea 1979an zabaldu zen Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin. Hamar urte beranduago, Amara Berri proiektuan sartu ziren. Sistema honen sustraiak 1972koak dira, Loli Anaut irakasle ospetsuaren gidaritzapean, Durangoko Taldearen esperientzia bezala ezagutu zen proiektu pedagogiko berritzailearen lehen pausoak eman zirenean. Sistema irekia delarik, berritzailea izaten jarraitzen duen proiektua da, gizarteak dakartzan erronkei aurre egiteko malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna duelarik.

Gaur egun, Amara Berri Sistema aurrera eramaten duten beste hogeita bat eskolekin koordinatzen eta elkarlanean aritzen dira, sare batez osatuz. Landako Eskolak, «Durangoko herriak bezala, ateak irekiak ditu Durangtik zein munduko edozein muturretik datozenentzat, guztien eta guztientzako eskola publiko eta euskalduna delako».

Publicidad

Horrela, ikasleak dira eskola honen bihotza, «badakigulako umeak direla etorkizuna, gizarteak duen altxorrik handiena eta, beraiek protagonista eginda luzatzen dugu gure leloa, 'Hazi, hezi, hegan'».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad