https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Opariak banatzen

Opariak banatzen
ARANTXA URRETABIZKAIA

Zalaparta gutxiko sinbolo lehia baten erdian ibili gara pasa berri diren egunotan, etxeetan, kaleetan eta dendetan nabarmentzen zen eztabaida baten erdian. Olentzero, Aitanoel, Errege Magoak. Ez genuen eztabaidatzen haurrei eta helduei egunotan opariak egin behar zaizkienik. Eztabaidagaia beste bat zen: nork ekartzen zituen zorioneko opariak.

Etxe askotan, batez ere haurrak daudenean, hirurak erabiltzen dira, baina iruditzen zait lehia honetan Aitanoel dela galtzaile, bera dela hirugarrena. Benetako borroka biren artean gertatzen da: Olentzero ala Erregeak. Onartu dugu zuhaitza gure etxeetan, jarri dezakegu bertatik zintzilik gorriz jantzitako agure potolo bizardunen bat.

Opariak, ordea, gure etxe gutxitara ekarriko ditu Iparraldeko aitona bizardunak. Tradiziozaleek haurtzaroan ezagututakoa hobetsiko dute eta Errege Magoak aukeratuko dituzte, txikitako ohiturak gogoan. Berdin zaie esaten badiezu tradizio hori ere berria dela, apenas duela mende bat. Are gutxiago axola zaie Errege Magoen inguruko guztia kanpotik ekarritako ohitura dela jakiteak, Meltxor, Gaspar eta Baltasar ez baitziren Markinan edo Seguran sortu.

Inoiz asmatutako tradizio horri beste batek egiten dio aurka, hura bezain tradizionala, hura bezain berria opariak banatzeko kontuetan. Politikan bezala, Olentzerok irabazitako etxea Errege Magoek galdutako etxea izan ohi da. Gainera, Olentzerok abantaila handia du, opariak eskola oporren hasieran banatzen dituela, ez eskolara itzultzeko unean.

Hori da azken hamarraldietan bizitzen ari garena, Olentzeroren gorakada, Errege Magoak ia bazter uzteraino. Olentzero hemen sortua da, ez da kanpotik etorri, pertsonaiak Errege Magoei edo Aitanoeli suposatzen zaien zeregin bera egiten badu ere.

Egia da Olentzerok ez dituela, tradizioan, opariak ekarri. Egia da, tradizio horretan, Olentzero erretzailea zela eta ardozalea eta orain gero eta antz gehiago duela Aitanoelekin. Ohitura ez dugu aldatu, aldatu duguna azala besterik ez da.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos