Gizartearen aparra diren hedabideetan eta, oro har, esparru publikoan, zintzotasuna, ontasuna ez daude modan, are gutxiago sare sozialetan. Beste balore batzuk hobesten dira, zorroztasuna, ausardia, asmamena, oldarkortasuna. Gizona otso gizonarentzat. Hori da ikuspuntua, hortik abiatzen da diskurtso publikoa.
Publicidad
Hori horrela delako asmatzen dituzte hitz berriak, ontasuna balioesten ez delako esaten zaio mikatza ez darionari onkerian erori dela, berea 'buenismoa' dela. Askotan entzuten dugu norbaitek esaten duela halakorik, onaren onez, ergela dela, ontasuna dosi txikitan hartu behar bagenu bezala. Inor ez da ederregia, azkarregia edo ikasiegia. Onegia, ordea, bai.
Bizitza pribatuan guztiok nahi ditugu inguruan pertsona onak baina, esparru publikora salto egin bezain laster, pertsona on hori, baboa iruditzen zaigu edo, kasurik hoberenean, inozoa, gaurko munduan bizi ahal izateko ezgauza. Iraganean kokatzen dugun paradisu galduko kontua iruditzen zaio askori ontasuna, balore zerutiarra. Horregatik aipatzen dugu norbait pertsona ona dela zendu denean, ez bizirik zegoenean.
Irain bat da 'buenismoa' eta ildo horretatik doana, ergela. Baina ergel gehienak ez dira onak, nik behintzat pentsatzen dut ergel gehienak gaiztoak direla. 'Malismo' hitza, ordea, ez da aipatzen ere. Euskaraz ondo bereizten dira ontasuna eta onkeria. Ez hainbeste txartasuna eta txarkeria. Hain zuzen, onkeria ekidin beharreko arriskua iruditzen zaigulako, txarkeria, berriz, ez.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión