https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Onintza Enbeita, Bakioko txakolin uztaren amabitxia

Onintza Enbeita, San Jose eguna ospatzen, Bakion./Maika Salguero
Onintza Enbeita, San Jose eguna ospatzen, Bakion. / Maika Salguero

Mila bizkaitar inguru batu dira Bakion hain seinalatua den egun honetaz gozatzeko

UNAI SARRIUGARTE

Mila bizkaitar inguru bildu ziren astearte honetan Bakion, bakiotarrentzat hain berezia den San Jose eguna ospatzeko. Onintza Enbeita kazetari eta bertsolaria izan da aurtengo uztari ongietorria eman dion gonbidatua. Denboraldiari hasiera ematea, ordea, Asier Abio Abio Txakolin upategiko denboraldiko arduradunari egokitu zaio. Ekitaldia arratsaldeko ordu batean izan zen, Zubiaurrealden.

Onintza Enbeitarentzat ederra izan da Bakioko txakolin egunaren amabitxia izatea. Kazetariak, bertako ekoizleen lana goraipatu du: «Mimo handiz zaintzen dituzte mahastiak». Bestalde, aurkezpeneko eszena berezi bat datorkio gogora: «Dantzara atera nauten momentua ikaragarria izan da».

Azokaren irekiera goizeko hamar eta erdietan burutu zen. Euskadi osoko hogeita hamar bat saltoki bildu ziren, eta bertan produktu ugariren eskaintza zabala aurkeztu zen. Hainbat izan dira erosleek aukeran izan zituzten elikagaiak: gazta, odolosteak, txorizoak, kontserbak, eztia eta barazkiak, besteak beste. Era berean, Bakioko hiru txakolin uzta ezberdin dastatzeko aukera ere izan zuten: Abio, Doniene-Gorrondona eta Zabala.

Aurtengo txakolin uzta beste urte batzuetakoa baino eskasagoa izan da. Pasa den neguko euriteek eta udaberri parteko epeltasun eta hezetasunak mahats asko usteltzea eragin dute. Dena dela, ekoizleen ustez uzta oparoa izan da. Aurten, 129.875 litro txakolin ekoiztu dituzte, pasa den urtean baino %12 gutxiago.

Doniene Gorrondona izan da litro gehien ekoitzi dituen upeltegia: 68.000 litro zuri, 5.000 beltz eta 6.000 berezi. Halaber, Abiok 40.000 litro zuri, 225 beltz eta 'ojo de gallo' deituriko 200 botilatu ditu. Zabala izan da botila gutxien osotu dituena, 10.200 litro zuri eta 250 beltz.

Temas

Euskera