Borrar
El debate electoral de EL CORREO con los candidatos, en directo a las 11.00 horas
Maika Salguero
Ondare politikarik gabe, ondarerik ez

Ondare politikarik gabe, ondarerik ez

Eva Diez Paton UPV/EHUko irakasleak burutu duen ikerketaren arabera, historiari buruz idazten hasi ziren arte, irudipen orokorra zen Bizkaia monumenturik eta ondare historiko-artistiko esanguratsurik gabeko lurraldea zela

Amalia Ibargutxi

Martes, 4 de septiembre 2018, 01:06

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Ondarea ez da beti zaindu. Ondarea ze da beti aintzat hartu. Hain justu, kontu nahiko berria dela esan liteke ondare kulturalarena. Bizkaian, adibidez, XIX. mende bukaera edo XX.eko lehenengo hamarkadara bitarte, irudipen orokorra zen Bizkaia monumenturik eta ondare historiko-artistiko esanguratsurik gabeko lurraldea zela. Eva Diez Paton UPV/EHUko Letren Fakultateko Artea eta Musikaren Historia Saileko irakasleak burutu duen ikerketaren arabera, «egun, ia edozeinek aipa badezake ere bere herri edo hiriko jauregi edo tenplu bat, denboran atzera eginda, XX.eko lehenengo hamarkaden inguruan, Bizkaia monumenturik eta ondare historiko-artistiko esanguratsurik gabeko lurraldea zela zen irudipen orokorra».

Hain hedatuta zegoen uste oker horrek Diez Patonen arreta piztu zuen, eta ideia horren inguruan ikertzen hasi zen. Zer dela-eta sortu zen irudipen hori, eta, batez ere, nola apurtu zen, «nolakoa izan zen piztea, hau da, lurraldeko aberastasun artistiko eta monumentalaz jabetzeko prozesua» aztertu du Diezek.

Milaka dokumentu-iturri aztertu ditu bere ikerketan, batez ere monumentuen kontserbazio- eta zaharberritze-espedienteak, bai Bizkaiko Foru Aldundiaren Agiritegikoak, bai San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiakoak eta hainbat udal-artxibotakoak. «Ikertze-lan horietan, argitalpenak bilatu ditut, fotografikoak zein idatzizkoak, pizte hori gertatu zen garaikoak, hau da, 1844 eta 1936 urteen artekoak, monumentuen batzordeak sortu ziren urtetik, Gerra Zibila hasi zen urtera arte», zehaztu du ikertzaileak.

Bizkaiko herritarren pentsamendu aldaketa horren oinarrian identifikatu du historiaren inguruko testuen sorrera. Horrela, «Historiografia Artistikoa garatzeak, hau da, historiari buruz idazten hasteak, edo monumentuei buruzko monografia txikiak argitaratzen hasteak» eragin zuen, batez ere, Bizkaiko gizartean ondare historiko-artistikoarekiko sentikortasuna agertzea.

Jabetze-prozesu horretako beste mugarri garrantzitsu bat izan zen ondare-politika sortzera behartutako erakundeak agertzea, hala nola Bizkaiko Monumentuen Batzordea (1844) edo Euskal Kultura Batzordeko kontserbazio-atala (1921). Horrekin batera, museoak agertu izana ere garrantzi handikoa izan zen, «herritarrengan artearekiko nolabaiteko sentikortasuna sortzeko, jendeari interesa, maitasuna, estimazioa piztu baitzitzaion iraganetik datorkigun ondarearekiko».

Baserriaren alde

Beste elementu arkitektoniko bat ere aztertu du bere lanean, euskal baserria. 1929. urtean onartu zen baserria babesteko legea. «Garai hartan baserria oso elementu indartsua zen ideologikoki, abertzaletasuna orduan sortu baitzen, eta jakin nahi nuen zer pertzepzio izan zen harekiko, eta politikarik jarri ote zen martxan baserria kontserbatzeko, higienizatzeko eta, oro har, hobetzeko».

Diezek ikertu duen denbora-tartea Gerra Zibilarekin amaitzeko erabakiari dagokionez, «hortik aurrerako gertakarien interpretazioa bestelakoa izan beharko lukeela» azaldu du, «beste une eta testuinguru batean kokatu beharko lirateke. Baserria babesteko legeari, adibidez, kalte handia egin zioten: ia espediente guztiak ebatzi gabe gelditu ziren, Andrés de Arzadunek berak erbesteratu egin behar izan zuen, atzera bota zizkieten laguntzak mugimenduaren kontrakotzat jotzen zituztenei… Alegia, halako egoerek ez dute loturarik nik aztertu dudan gaiarekin».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios