https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

OMEk uste du Jaurlaritzaren zahartze aktiborako programak sustatzen duen «oinarriko herritarren lidergoa» positiboa dela

Osasunaren Mundu Erakundeak 'Euskadi Lagunkoia' ekimena aipatu du adineko pertsonekin jarrera egokia duten erkidegoei buruzko dokumentuan

AMALIA IBARGUTXI

OME Osasunaren Mundu Erakundeak 'Euskadi Lagunkoia' sarearen adibidea nabarmendu du 'Adinarekin lagunkoiak diren hiri eta erkidegoetarako sare globala: azken hamarkadan atzera begira eta hurrengoa heltzeko irrikitan' izenburuko argitalpenean, eta Euskadin pertsona adinekoak ahalduntzeko Eusko Jaurlaritzak daukan eredu goraipatu du.

Euskadi Lagunkoia sarean, Euskal Autonomia Erkidegoko hirurogei udalerrik «zahartze aktiboa» sustatzeko egiten dute lan. Sare hori, halaber, Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen duen 'Age-friendly environments programme' programan oinarrituta sortu dute.

OMEk argitaratutako dokumentuak zenbait herrialdetan garatutako proiektuak aipatzen ditu, besteak beste, 'adinera egokitutako programa Euskadin' delakoa, hau da, Euskadi Lagunkoia. Bertan, programa nola sortu zen zehazten da, besteak beste.

«Euskadi Lagunkoia programaren garapenean arrakasta-eragile garrantzitsuenetako bat -zehaztu du OMEk- oinarriko herritarren lidergoa da. Adinekoen elkarteen arteko elkarlana funtsezkoa izan da, eta proiektua zentroak suspertzeko eta baterako helburuaren inguruan lan egiteko erabili da».

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak aipamen horren harira egindako deklarazioetan nabarmendu duenez, «ezinbestekoa da pertsona guztiak beren bizitzen protagonista izatea, adina edozein dela ere», eta horregatik, «sareak nahi du adinekoak beren eguneroko bizitzan eragina izango duen ongizatea sortzeko prozesuan parte har dezaten; izan ere, horrela, espazio publikoak, herritarren arteko harremanak eta zaintzen transferentziak modu arrazoizkoagoan berreskuratuko dira».

Temas

Euskera