https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Olatz Zugastik bere ibilbideko lehendabiziko zuzeneko diskoa kaleratuko du udazkenean

Olatz Zugastik bere ibilbideko lehendabiziko zuzeneko diskoa kaleratuko du udazkenean

Zugastik 38 urte luze eman ditu Benito Lertxundi abeslariarekin elkarlanean

UNAI SARRIUGARTE

Olatz Zugastik bere ibilbideko lehendabiziko zuzeneko diskoa kaleratuko du udazkenean. Lan berri honek Orion eskainitako kontzertu baten grabaketa izango du oinarri. Bertan bere ibilbide osoko kanten birpasa bat egingo du. Diskoak euskal abesti tradizional ezberdinak uztartuko ditu. Gainera, Benitorekin, 'Bere alaba Gratxina' kanta abestu egingo du lanean bertan.

Lan berri honen moldaketan Olatz Zugastik harpa, bere ohiko instrumentua, eta gitarra erabiltzeaz gaindi, hainbat musikarik esku hartu izan dute bertan: Ander Ederra gitarra elektriko eta akustikoarekin, Ander Zulaika baterian eta Gratxina Lertxundi teklatuan, flautan eta koroak egiten.

Olatz Zugasti abeslari eta harpa jotzailea hernaniarra da. Benito Lertxundi abeslariaren disko guztietan esku hartu izan du 1981. urteaz geroztik, zenbait kantu konposatu ditu kantari oriotarrarentzat, eta haren zuzeneko taldeko kidea izan da. 38 urte luze eman ditu abeslari Lertxundirekin elkarlanean.

Bakarlari gisa, berriz, Euskal Herriko kantuak jorratu izan ditu gehienbat. Lau disko grabatu izan ditu: 'Kantu baten bila nabil' (1991), 'Bulun bulunka' (1998), 'Elearen lainoa' (2002) eta 'Gau hotzenean ere' (2010). Udazkenean kaleratuko duen zuzeneko diskoa bere ibilbideko bosgarrena izango da.

Era berean, Musika sortzeaz gaindi, herri musika ezagutzera emateko lanean ere ibilia da Zugasti, irrati saio bat baino gehiago aurkeztu izan du bere ibilbide musikalean: Egin Irratian edota Euskadi Irratian azken hamarkada honetan Kantaita saioa aurkeztu izan du.