https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Oilagorrak

Ausartak gara oso besteei autokritikak egiteko, baina zorrotzagoak izan beharko genuke geure buruarekin

Ehiztari bat, bere txakurrekin./S. Espinosa
Ehiztari bat, bere txakurrekin. / S. Espinosa
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Aldez aurretik esango dut ez dudala ehiza atsegin; baita, afizio bat baldin bada, oso afizio arraroa iruditzen zaidala. Bide batez aitortuko dut urrian eta azaroan deserosoa egiten zaidala mendira joatea tiroka ari direlako ehiztariak. Hala eta guztiz ere, nire lagun ehiztari batekin gogoratu naiz egun hauetan. Oilagorretan dabil laguna. Baserritarra da eta erlezaina. Egun libreak hartzen ditu urtero oilagorren sasoia heltzen denean. Txakur bi dauzka: bata, gazteegia trebea izateko ehizan; bestea, zaharregia ehizan trebea izateko. Hori kontatzen digu, behintzat. Batzuetan, ez du oilagorrik bat ere harrapatuko, baina, normalean, bospasei oilagor ehiza ditzake urtean zehar. Gero afari bat prestatzen du. Hain da uzta eskasa ezen behin urdailetik txarto zebilen lagun bati oilagorrak jatea debekatu egin baitzion, ez zituela mokaduak dastatuko esanez.

Egia esan, nik ez dut nire laguna munstro hiltzaile bat bezala ikusten; ez neure burua ikusten dudan baino gehiago. Hau da: nik haragia zakarrontzira bota izan dut inoiz. Ni, haragizale izanda, nire organismoa elikatzeko bakarrik jan beharko nituzke animaliak, baina zakarrontzira botatzen ditudanean, elikaduraren kredo horietaz ahazten naiz .

Ausartak gara oso besteei autokritikak egiteko, baina zorrotzagoak izan beharko genuke geure buruarekin. Geure gizartea animalien kontrako tratu txarrean oinarrituta dago. Gustatzen ez bazaigu ere, horrela da, eta ezin dugu ahaztu, gauzak aldatu nahi baditugu. Hainbat eta hainbat industria animalien bizkarretik bizi dira: elikagai-industria, arropa-industria, kosmestika-industria eta abar eta abar.

Hainbat ehiztari mota daudela entzun dut maiz; eta batzuk predatzaile hutsak dira, jakinaren gainean nago. Baina, hori guztia azpimarratzeaz aparte, geure bizimoduari buruz ere –animaliak hiltzen ez ditugun bizimoduari buruz ari naiz–, sakonago hausnartu beharko genuke, batik bat gastronomia-industria hain garrantzitsua den herri batean. Elikatzeko bakarrik jango bagenu, ez genituzke hain plater sofistikatuak jan beharko, nik uste.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos