https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ohorezko Saria Indiako LGTB lagunentzako bultzada izatea espero du Rangayanek

Sridhar Rangayan./Zinegoak
Sridhar Rangayan. / Zinegoak

Zinegoakeko 16. edizioko Hasiera Ekitaldia egin dute Arriaga Antzokian, eta bertan jaso du Sridhar Rangayanek Ohorezko Saria; bere azken filma ere izan da ikusgai

AMALIA IBARGUTXI

«Indian LGTBQ zinema egiten dugunentzat bultzada izango da, han ez dugulako baliabiderik, zentsura dagoelako eta zinemagintzaren industriak ez gaituelako batere laguntzen». Zinegoakeko 16. edizioko Hasiera Ekitaldia egin dute Arriaga Antzokian, eta bertan jaso du Sridhar Rangayanek Ohorezko Saria. Rangayan hunkituta agertu da aitormenarekin. Zinegoakeko sari bat jasotzen duen Indiako lehenengo zinemagilea da.

Saria jasotzeaz gain, zinemagile, ekoizle eta ekintzaileak bere azken lana, 'Evening Shadows', aurkeztu du BBK aretoan antolatutako proiekzioan. Emanaldira bertaratutakoekin solas egin du. Azaldu duenez, giza eskubideak eta sexu-aniztasuna lantzen ditu bere filmetan ez bakarrik artea sorktzeko nahiari erantzuteko, baizik eta «LGTBQ mugimenduaren erremintak» ere izan daitezen.

Gutxitutako askotariko kolektiboek, orokorrean, aipatu ohi dute errepresentazio hori tresna indartsua dela bere horretan. Ikusgarri izatea dela gakoa. Hain zuzen, sari-ematean nabarmendu dute Rangayanen zinemak «gai ezberdinei ateak ireki dizkiela eta zentsuratutako ahotsen istorioak kontatu dituela». Baita ere, azken urteotan Indian sexu-aniztasunaren aldeko borrokan emandako pausoetan izan duen pisua. «Sridharrek eta beste hainbat ekintzailek egindako lanari esker aurrerapausoak ematea lortu da. Espero dugu aldaketa sozial eta legal hauek Rangayanentzat bultzada izatea eta bere sormenarekin jarraitzea, bere lanak ederrak eta hunkigarriak izateaz gain, batez ere beharrezkoak direlako».

Adibidez, LGTB pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxea sortu zuen 2001. urtean Rangayanek: Solaris. Saagar Gupta idazle eta zuzendari artistikoarekin batera sortu zuen. Bombayko Kashish queer jaialdia ere ekoiztetxearen bitartez antolatzen dute; 10 edizio bete ditu eta mundu mailako erreferentzia bihurtu da.

Trans errealitatea lantzen duen lehenengo filma

Horrez gain, Solarisek Flashpoint Human Rights Festival jaialdia ere antolatzen du, giza eskubideak ikuspegi zabalago batekin lantzeko asmoz. Horrela, Guillenen berbetan, ekoiztetxea «erreminta boteretsu eta eraldatzailea da, eta, horren bidez, Rangayanek bere konpromiso militantea kultura eta ikus-entzunezko produkzioarekin lotu du».

Rangayanek zuzendutako filmen artean daude 'Gulabi Aaina' (Ispilu arrosa), Indiako trans errealitatea modu zuzenean lantzen duen lehenengo pelikulatzat jotakoa; 'Yours emotionally' indiar jatorridun gizon homosexual britainiar bat hiri txiki bateko gazte bisexual batekin maitemintzen denekoa, arrazismoa eta kultur identitatea lantzen duena; '68 pages' GIB birusa duten pertsonek pairatzen duten estigma eta bazterketari buruzkoa; 'Purple skies' eta 'Breaking free', LGTBfobia instituzionalizatuaren ingurukoa; eta 'Evening Shadows', bere azken lana.

Temas

Euskera