Nagienak, alferrenak, zereginik gabe eguna arrastaka pasatzen duenak ere hamaika erabaki txiki eta handi hartzen du egunero, esnatzen denetik, gauean berriz loak hartzen duen arte. Zer egin, nola egin, zer gosaldu, nondik joan lanera edo paseora, non eseri bazkaltzeko orduan, nori deitu telefonoz, ze arropa jantzi, gorputza nola kokatu lotarako, nola orraztu, nola kendu bizarra…
Publicidad
Horietako erabaki asko ohituraz saihesten ditugu. Beti jaikitzen gara ordu berean, hartzen dugu mahaian edo ohean leku jakin bat, gosaltzen dugu hau edo bestea, jaten dugu pasta igandeetan edo arraina ostiraletan. Ohiturik gabe zaila egingo litzaiguke bizitza, korapilatsua, astuna. Horretarako balio behar dute ohiturek, bizitza errazteko.
Ohitura batek bizitza zailtzen digun arte. Mendekotasun bilakatu arte. Ez dakigu zergatik egiten dugun hau edo hura, ezta noiztik ere, baina hain berezkoak iruditzen zaizkigu gure ohiturak, hainbati arraroa egiten baitzaio gauzak beste modu batera egin daitezkeela pentsatzea ere. Are gehiago, pertsona asko ezagutzen dut hau edo hura egiteko modu zuzen bakarra dagoela pentsatzen dutenak: kasualitatez, beraiena.
Bitartean, mundua gero eta abiadura handiagoz aldatzen da eta askoren ohiturak ere bai. Beste batzuenak, berriz, hor jarraitzen dute, inolako malgutasunik gabe. Gehienok pentsatzen dugu gero eta zaharrago, orduan eta ohiturak aldatzeko zailtasun handiagoa edo gogo gutxiago. Egia izan daiteke, hori egiaztatu baitut inguruko zaharrengan, ohituretan aldaketarik txikiena egiteak aztoratzen dituela. Hori guztia ohitura arruntei buruz, egunerokotasunari dagozkion usadioei buruz. Beste pauso bat, hotsandikoagoa, tradizioa da. Horretan ere aberatsak gara eta, gainera, edozeri esaten diogu tradizio eta etengabe asmatzen ditugu tradizio berriak. Hain mundu aldakorrean gal ez gaitezen.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión