https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Ocaña' antzezlana Euskalduna Jauregian izango da irailaren 3tik 8ra

Mikel Losada, Unai Izquierdo eta Diego Pérez, 'Ocaña' antzezlanean. /
Mikel Losada, Unai Izquierdo eta Diego Pérez, 'Ocaña' antzezlanean.

Unai Izquierdok idatzi eta María Goiricelayak zuzendu duen antzezlanak borroka politikoarekin eta errebindikazio homosexualarekin konpromisoa zuen José Pérez Ocaña margolari sevillarra omenduko du

EL CORREO

Euskalduna Jauregiak 'Ocaña' antzezlana jasoko du irailaren 3tik hilaren 8ra. Margolari sevillarra borroka politikoarekin eta errebindikazio homosexualarekin konpromisoa erakutsi zuen gizona izan zen. Unai Izquierdok idatzi eta María Goiricelayak zuzendu du antzezlana, eta, bertan, frankismoaren kontrako erresistentziaren eta XX. mendeko 70eko hamarkadan performance ausarten protagonista izan zen margolariaren (1947-1983) istorioa kontatzen da. Omenaldi ezinhobea, zalantzarik gabe.

Antzezlana asteazken goizean aurkeztu zuten prentsaurrekoan, eta, ekitaldian, Unai Izquierdo, Itziar Lazkano, Diego Pérez eta Mikel Losada antzezleak eta María Goiricelaya zuzendariak parte hartu zuten. Interesdunek sarrerak eskuratu ditzakete jada www.euskalduna.eus webgunean, Jauregiko txarteldegietan eta Kutxabank kutxatiletan.

Sinopsia

'Ocaña' antzezlanean kontatzen den istorioa 70eko hamarkadako Bartzelonan dago girotuta; diktadura frankistaren azken urteetan, hain zuzen ere. Orduan, José Pérez Ocaña margolari sevillarra borrokan ari zen bere margolanak azaleratzeko eta mundua aldatzeko. Eta, jakina, lotura estua izan zuen borroka politikoarekin eta errebindikazio homosexualarekin. Oihartzun handiko ekintzak egin zituen Kataluniako hiriburuko Ranblatan, eta hori guztiari buruz hitz egingo da Euskalduna Jauregiak jasoko duen lan horretan.

Hortaz aparte, pertsonaiak bere azalean jasan zituen eta inoiz ulertu ez zuen gizartearen maitasun eza eta mespretxuei buruz arituko dira obraren arduradunek.

Temas

Euskera