Nola izango litzateke 'Bernarda Albaren etxea' antzezlana gaur egun?
Siroko konpainiak 'Bernarda 5.0' izeneko bertsio garaikidea ekoitzi du
Unai Sarriugarte
Ostirala, 7 ekaina 2019, 21:44
Antzezlanean antzerki obra baten sormenak eta hildako olerkigilearen oroimenak ilusio eta errealitatearekin bat egiten dute. Federico Garcia Lorca granadar olerkari eta idazlearen Bernarda Albaren etxearen antzerki obraren bertsio eta moldaketa librea da maisulan hau.
Alberto Conejero madrildar olerkariak Lorcaren inguruan elkarrizketa batean esan zituen hitzak Colladok Siroko konpainiarekin ekoizten ari zen Benarda Albaren etxeari gehigarri bat emateko balioa izan zitzaion. Colladok zerbait ezberdina erantsi nahi zion eta Alberto Conejeroren ikuspuntua oso baliagarria izan zitzaion. Lorcak hil baino bi hilabete lehenago burutu zuen antzerki obra hau. Siroko taldearen bertsioak istorio bi hauek txandakatzen ditu.
Bernarda 5.0 antzezlanaren protagonistak honako hauexek dira: Rosa López Sánchez, Kristina Arias, Ametz Rodríguez, Mila del Valle, Floren Septien, Marijose Parra, Cristina Regalado, Teresa Amorós. Rosa Lopezek antzezten du Bernarda Albaren papera. Argiztapena eta zuzendaritza, berriz, Aitor Perezek burutu ditu.
Antzerki obra honek bi sari irabazi ditu: Dulantziko Antzerki Amateurreko XII Jaialdiko Publikoaren sari berezia eta Zaragozako IX. Antzerki Lehiaketa ez Profesionaleko Epaimahaiaren sari berezia. Azken honetan Espainiar estatuko 38 obra ezberdinek hartu zuten parte.
Siroko laudioar antzerki taldea 2015. urtean jaio zen. Zortzi pertsonak osatzen dute konpainia. Taldea Aitor Perez Collado aktore, zuzendari eta irakasleak zuzentzen du. Kalitatezko amateur antzerki batengatik egiten du apustu arabar antzerki taldeak, publikoarekin komunikazio erreal eta hurbil bilatuz. Sirokon ilusioak, lanak eta egiteko eta ikasteko gogoak hartzen du lehentasuna.