https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

NO SOS VOS, SOY YO

NO SOS VOS, SOY YO
TXANI RODRIGUEZ

Badakigu denok zein astunak izan daitezkeen telefono konpainiak. Behin eta berriro deitzeko kapazak dira, ordu desegokietan, geure pazientzia agortu arte. Nik, normalean, ez ditut hartzen beren deiak, eta hartzen baditut ahalik eta lasterren mozten dut elkarrizketa. Komertzialen berriketek aztoratzen naute. Izan ere, orain dela aste batzuk komertzial batek eskaintzen zidanari arreta jarri nion, eta bere eskaintza onartu nuen berehala. Hortik aurrera, hamaika deiren bitartez, hainbat gauza azaldu zidaten: portabilitatearen kontua beraiek konponduko zutela, telefono mugikorrerako txartel batzuk jasoko nituela etxean, teknikari bat etorriko zitzaidala instalazioa egiteko, eta abar eta abar. Poliki-poliki geure harremana estutu zen. Teknikaria etorri zitzaidan, bai, baina arazo informatikoren bat egon zen eta konpainiaz aldatzeko prozedura ez zen burutu. Hortaz, nire aurreko konpainiarekin jarraitzen dut, baina, adibidez, daukadan wifi-a konpainia berriarena da. Egoera arraroa denez, eta konpainia bakar baten bezeroa izan nahi dudanez, deika hasi nintzen. Lehenengo pausotan lagundu zidan komertzialaren zenbakiak ez du funtzionatzen jada. Mezuak jarri eta makina batek erantzuten dit eduki duten intzidentzia konpontzen ari direla esanez. Hainbeste deitu ostean, hainbeste aukeratan euren deiak errefusatu ostean, orain neure burua ikusten dut haien zenbakiak sakatuz. Asteak daramatzat haien atzetik, baina komunikazioa apurtu zaigu, antza. Batzuetan, erruduna ni naizela pentsatzen dut, baina ideia uxatzen dut: beraiek utzi naute. Nire telefonoak jotzen duenean, arin begiratzen diot pantailari, baina inoiz ez da nire konpainia, nirekin ahaztu dira. Ángel Gonzálezen bertso hauek etorri zaizkit burura: Nos quisimos, es cierto, y yo sé cuánto:/ primaveras, veranos, soles, lunas./ Pero jamás en el mismo día. Horrelako zerbait sentitzen dut nik orain. Gero deituko diot konpainiari berriro ere. Ea zer gertatu den «gurearekin« galdetuko diot. Zergatik utzi genion hitz egiteari. Zergatik apurtu zitzaigun harremana. Desesperatuta nago.

Temas

Euskera