https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Nire baitako mamuak lasaitzeko tresna da idaztea»

LaHaine-k bere lehen poesia-liburua kaleratu du Taupaka Elkartearen bultzadaz./Pankra Nieto
LaHaine-k bere lehen poesia-liburua kaleratu du Taupaka Elkartearen bultzadaz. / Pankra Nieto

Endika LaHaine poetak bere bizitzako poema garrantzitsuenak bildu ditu 'Lobo-Otsoa' liburuan

IRAITZ URKULO

Endika LaHaine (Barakaldo, 1982) oso ezaguna da euskal raparen unibertsoan, hamasei urtez izan baitzen '121 Krew' hip-hop taldearen partaide. Hala ere, kultura urbanoaren beste diziplina askotan ere ibili da, bere jakin-min aseezinaren erakusgarri. Lizentzia libreko lanak argitara ematen dituen Taupaka Elkartearen bultzadaz, lehen poesia-liburua kaleratu du. 'Lobo-Otsoa' du izena, eta estilo argiko eta musikaltasun nabarmeneko olerki laburrak jaso ditu bertan, gaztelaniaz zein euskaraz sortuak.

-Ibilbide luzea egina duzu euskarazko rapean.

-Azkenengo hogei urteotan hip-hoparen munduan murgilduta ibili naiz, gehienbat rap generoko hitzak sortzen. 2000. urtean, Barakaldoko '121 Krew' euskal rap-taldea sortu nuen lagun batzuekin, eta 2016an azken diskoa atera eta azkenengo kontzertua eman genuen. Hortik aurrera, taldekide bakoitzak bere bidea egin du, batzuek sorkuntza alde batera utziz eta besteek ibilbide berriak jorratuz edo lehenagokoei berrekinez.

-Poeta urbanotzat duzu zeure burua?

- Nire kasuan, olerkien eta rap abestien arteko muga nahiko fina da. Nerabezaroan olerkiak idazten nituen, eta handik gutxira, rapa ezagutu nuenean, zenbait testu erritmo jakin batzuetara egokitzen hasi nintzen. Bat-batean, metrika lantzen hasi nintzen, eta beste kode batzuk erabiltzen. Batzuetan, buruan nituen olerkiak abesti bihurtzen ziren, edo alderantziz. Sormen-prozesuak planteatzen duen jolasa oso dibertigarria da.

-Liburua lau ataletan banatu duzu. Lehendabizikoan, bi komikigile japoniarren obran inspiratu zara.

-Aita izan nintzenean, aspalditik galduta nuen denbora-pasa berreskuratu nuen: komikien irakurketa. Zaletasun hura berreskuratu berritan, 'Otso bakartia eta haren kumea' komiki japoniar klasikora gerturatu nintzen. Manga horretan, samurai alargun batek eta haren semeak bizirik irauteko jasan behar dituzten oinazeak kontatzen dira. Istorioak eragin sakona izan zuen nigan, eta nire liburuko lehen ataleko olerkiak izango zirenen inspirazio bilakatu zen.

-Ramon Barearen 'El otro es nosotros' antzerki-lanerako idatzi zenituen poemek osatzen dute bigarren atala.

-Zein polita den zureak ez diren diziplinez gozatzea! Bilboko P6 pabiloian bi antzerki-lanetan parte hartzeko aukera izan nuen, eta nire baitan betiko gordeko ditudan esperientziak bizi nituen bertan. Ikaragarria da kutxa formako pabiloi horrek duen magia. Ramon Bareak Mugarik Gabeko Medikuentzat egindako obra batean parte hartzera gonbidatu ninduen. Esperientzia polita izan zen, baina gogorra ere bai. Gerra-egoeran edo errefuxiatu moduan bizi direnen tokian jartzeak inoiz pairatu ez dituzun zauriak irekitzea eskatzen du.

-Hirugarren atalean, Jose Garran margolariaren erakusketa baterako preseski sortu zenituen olerkiak jaso dituzu.

-Jose Garran familiakoa dut. Orain dela urte asko Suitzara joan zen bizitzera, eta arte-galeria bat dauka bertan. Urte mordoa igaro ondoren, Bilbon berriz erakusketa bat antolatzen ari zela, zenbait testu berezi prestatzeko eskatu zidan. Sormen-prozesua oso berezia izan zen niretzat: obrak lantegian ikusi nituen eta, istant horretako sentsazioetatik abiatuz, olerkiak sortu nituen, baldintza gehiagorik gabe.

-Laugarren atalean, azkenik, zure bizitzaren parte diren poemak ageri dira. Zertan datza horien garrantzia?

-Testu horiek nire bizitzako une bereziak ekartzen dizkidate gogora: jaiotzak, heriotzak, aurrerapausoak eta atzerapausoak. Nahiko liburu emozionala da. Teknikaren gainetik, emozioak transmititzea dut helburu. Sormena terapeutikoa da niretzat, baita hortik ateratzen dena nahi dudan moduan partekatzea ere.

Gizarte-kontzientzia

-Erritmoa da zure poesiaren bereizgarrietako bat. Raparen eragina ote?

- Nire aldetik, lelokeria bat izango litzateke eragin hori ukatzea. Ordu pila igaro ditut erritmo baten gainean idazten. Luzaroan bizi izan naiz horretara guztiz emana. Baina, lehen esan dudan moduan, rapean hasi nintzenean olerkigintzak eragin handia izan zuen, eta orain rapa izan da nire idazteko era baldintzatu duena. Nahiz eta zenbaitetan beste molde batzuk bilatu ditudan, ur horietan oso eroso sentitzen naiz.

-Olerki gehienek egungo munduari buruzko ikuspegi grisa islatzen dute.

-Ezagutzen nautenek badakite pertsona alaia naizela. Baina, aldi berean, nahiko ikuspegi kritikoa eta pesimista daukat gizarte-eredu honi eta geroari buruz. Ez beti, baina, askotan, nire baitako mamuak lasaitzeko tresna bihurtu dut idazkera. Hurrengo hilabeteetarako, erronka bat jarri diot neure buruari: leihoak ireki, eta kobazuloan argi gehiago sartzen utziko dut.

-Poemetan beldur ugari hautematen dira. Gizakiaren hauskortasuna jarri nahi izan duzu agerian?

-Guztiok, sortzaileak izan ala ez, gure gizartearekiko konpromisoa izan behar dugu. Gaur egun, norberaren zailtasunak alde batera uztea eta gauzak aldatzen ez saiatzea arduragabekeria litzateke. Bizitza, zientziaren ikuspegitik, ia ezinezkoa den prozesu bat da, zerbait oso handia, eta, hala ere, bizitzeko aukera badugu, hala egokitu zaigulako. Baina, aldi berean, gizakiok txikiak, hauskorrak eta, gainera, lotsagabeak gara.

-Hitz zehatzak eta argiak erabili dituzu. Nahiko poesia biluzia eta apaingarririk gabekoa da zurea.

-Bai, halaxe da. Nire idazkera nahiko garbia eta zuzena da. Nire ideiak eta emozioak transmititzea dut helburu nagusia, eta horiek arriskuan jarri edo desitxuratu gabe beste arlo batzuek pisua hartu ahal badute, aurrera. Hala ere, ez dago planifikatuta.

-Bada loturarik olerkien artean? Zerk ematen dio batasuna poesia-liburuari?

-Idazteko orduan ez zebilkidan buruan loturaren ideia; olerkien aukeraketan bai, ordea. Olerki ezberdinek bat egiten dute zenbait gaitan: beldurrak, barruko zein kanpoko gatazkak, gizarte-eraldaketa… Eta lehen komentatu dugun erritmoak eta musikaltasunak ere batasun hori indartzen dute.

-Eta, hemendik aurrera, zer? Idazten jarraituko duzu? Baduzu beste proiekturik?

- Alde batetik, ez dut uste idazteari inoiz utziko diodanik; nire buruak ondo funtzionatzen duen bitartean ez, behintzat. Gizarte honen eragin zikinen kontrako entrenamendu mentala da; nire ideiei eusteko modua, nolabait. Ziurrenik beste olerki-liburu bat egongo da, baina bitartean hainbat musika-proiektutan murgilduta nabil.

Temas

Euskera