https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg
Angel Erro - Idazlea

«Nire asmoa izan da bizitakotik haragoko zerbait iradokitzera iristea»

Umoretsua eta ironikoa da Angel Erroren azken lana./Blanca Castillo
Umoretsua eta ironikoa da Angel Erroren azken lana. / Blanca Castillo

Angel Erro idazlea 'Lerro etena (2004-2018)' bere azken liburuaz mintzo da

JOXEME LÓPEZ DE ARANA

Angel Erro idazle burlatarrak, han-hemenka egindako kolaborazioetatik kanpo, bi poesia-liburu argitaratu zituen nahiko segidan: 'Eta harkadian ni', 2002an, eta 'Gorputzeko humoreak', 2005ean. Handik aurrera, isiltasun-tarte luze samar bat zabaldu zuen, eta hauxe izan da argitaratu berri duen hurrengo lana: dietario bat, eguneroko bat. Genero horrek, bere apalean, literaturaz eta bizitzaz mintzatzeko aukera ematen dio, eta bikain probestu du.

-Zergatik egin duzu genero honen hautua?

-Egokiagoa litzateke genero honek nire hautua egin duela. Liburu hau idaztea ez da izan nire delibero edo nire asmo bati jarraitzea. Une batean, orain urtebete, etxe aldaketa batean aurkitutako koaderno pare bat ikusita, eginda neukan materiala nolabait biltzea bururatu zitzaidan. Gerora ohartu naiz genero hau zela hobekien zetorkidana, neure burua azaltzen saiatzeko, naizen bezalakoa agertzeko, isiltasun-tarte luzearen nondik norakoa ulertzeko.

-Liburu honetako testu batzuk oso poetikoak dira, beste batzuk ironikoak, beste zenbait umorezkoak, hunkigarriak, lerro bakarreko aforismo indartsuak… Iruditzen zaizu testu laburra eta inpaktu handikoa dela egungo irakurlea erakartzeko bidea? Zer irakurle mota irudikatu duzu obra hau idaztean?

-Lehen esan bezala, ez dut liburu hau idatzi (idatzita zegoen), antolatu baizik. Eta idaztean idazleak izaten omen duen irakurle inplizituaren kontua ez dakit noraino den aplikagarria apailatzaileari ere. Galdera zaila da honako hau. Topikoa da zera erantzutea: «Irakurri nahiko nukeen liburua idatzi dut». Hortik badago zerbait. Baina irakurle klub pare baten koordinatzaile ibili naizen neurrian, badakit eleberriak gaizki hezi edo ohitu dituela irakurleak. Alegia, badakit irakurle askok ez dutela tresnarik hau bezalako liburu bat kokatzeko. Idazlearen zeregina da ahalik eta irakurle gutxien uztea kanpoan, baina aldi berean esan nahi duen horri eta hori esateko erabili nahi dituen formei eta exijentziei uko egin gabe. Zeregin zaila. Horretan testu laburrak, aforismoak, pasarte ironikoak lagungarri direla pentsa daiteke, baina batzuetan susmoa dut kontrakoa dela.

«Idazlearen zeregina da ahalik eta irakurle gutxien uztea kanpoan»

-Genero honek badu euskaraz tradizio txiki baina prestijiotsua: Joseba Sarrionandia ('Ni ez naiz hemengoa', 'Ez gara geure baitakoak', 'Han izanik hona naiz', 'Hitzen ondoeza', 'Habanako gaukaria'), Anjel Lertxundi ('Gogoa zubi', 'Mentura dugun artean', 'Eskarmentuaren paperak', 'Paper-festa')… Tradizio horretan kokatzen duzu zeure burua?

-Neurri batean, bai. Leitu ditut horietako asko, gehienak. Ohore handia bat izanen litzateke norbaitek tradizio horretan kokatzea nire lana. Badakit horretan lagungarri gerta daitekeela nik hemendik aurrera bide honi jarraitzen badiot.

Lotura magiko bat

-Eguneroko berezia da zurea: azken hamalau urteko sarrerak ditu, baina ez dago kronologikoki antolatuta. Zein izan da sarrerak antolatzeko izan duzun irizpidea?

-Hasieratik argi neukan ez nuela kronologikoki antolatu nahi. Urte gehiegiko tartea zen eta astunegi gertatuko zen urteen zikloei segitzea. Gaika antolatzeko ideiak, berriz, bai tentatu ninduen. Gaika edo. Atal batzuk banituen (amaren arrastoa, piszinetako isiltasuna, itsas hilerria...), ez gai bakarrekoak, eta bakoitzean asmoa nuen testuen segidak halako lotura magiko bat sortu eta nik neuk neure bizitzatik jakin gabeko zerbait iradokitzera iristea, bizitakotik haragoko zerbait. Egitasmoak gainditu ninduen, baina liburuak orain duen antolakuntzaren funtsean gelditu da. Behin-behineko atal horiek kendu eta testuak erosoago nabaritu nituen. Hortik aurrera nolabaiteko hari batez lotu nahi izan ditut, baina askeago.

-Beste gai askoren artean, literatura bera hartu duzu hizpide, horri buruzko aipuak, gogoetak eta abar; baina baita literaturaren mundutxoa ere. Aipatzen dituzu idazle batzuk (Jokin Muñoz, Jon Alonso, Harkaitz Cano…), baina beste batzuk inizialen atzean ezkutatu dituzu. Zergatik bereizketa hori? Zer garrantzi ematen diozu «mundutxoari» buruzko txutxu-mutxuari?

-Azkenetik hasita, nik parte hartzen dut, modu apalean bada ere, euskal literaturaren mundutxoan eta bertako kontuak niretzat ez dira txutxu-mutxu hutsak. Gertu dudan neurrian, giza kondizioa ulertzeko ingurune bat da niretzat, beste edozein bezalakoa. Kontu pertsonalak bazter utzi ez ditudan modu berean ezinen nuke honako hau isildu. Ez zen txintxoa izanen. Egunerokoen literatur tradizioak, gainera, horrelakoak bultzatzen ditu. Alde horretatik lasai ibili naiz. Izen batzuk osorik agertu eta beste batzuk inizialen bidez agertzeak anekdota noraino den pertsonala adierazten du. Idazle baten liburua irakurtzen ari banaiz, izen osoz aipatuko dut. Berarekin topo egin eta zerbait esaten badit, berriz, inizialez. Ez dut beti hala jokatzen. Baina irizpidea horixe da. Inizialengatik ez balitz, pasarte batzuk agertu gabe geldituko ziren, bestela. Beraz, errazagoa da maltzurkeria batekin lotuta egotea.

«Ez naiz ibiltaria»

-Eguneroko honetan hiri batzuk agertzen dira: Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Madril… Zure biografiaren parte diren hiriak. 'Flâneur' gisa irudikatzen duzu zeure burua?

-Tentagarria litzateke neure burua flâneur gisa irudikatzea, hitzak dituen konnotazio literarioak aintzat hartuta. Baina susmoa dut hiri horiekiko dudan harremana ez dela Baudelairerena bera. Edo, izatekotan, askoz modu apalagoan. Ez naiz ibiltari handia eta gutxitan ateratzen naiz hirietako ezusteen bila. Hirietatik gehien gustatzen zaidana da babesleku egokia izatea.

-Lagunen batek esan dizu hemendik aurrera kontuz ibiliko dela zure aurrean esaten eta egiten dituen gauzekin?

-Aurrez aurre oraindik ez. Agian goizegi da. Edo ez dira esatera ausartzen ere, hori ere nonbait jaso eta argitaratu ahal dudan beldurrez. Baina ziur naiz beldurtienek ere azkenean guardia jaitsiko dutela. Bai nabaritzen ari naiz ingurukoek gero eta gauza interesgarriagoak esaten dituztela nire aurrean. Agian hurrengo edizio batean aterako ditudalako itxaropenaz.

Temas

Euskera