https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nerea Fernández de Gobeo: «XIX. mendeko gaztelania irakasteko material elebidunak aztertu ditut»

Fernández de Gobeok Rey Juan Carlos Unibertsitatean ematen ditu eskolak./E. MEJÍAS
Fernández de Gobeok Rey Juan Carlos Unibertsitatean ematen ditu eskolak. / E. MEJÍAS

‘XIX. mendean zehar Euskal Herrian gaztelania irakasteko material elebidunak’ izeneko tesia idatzi du

IRAITZ URKULO

Nerea Fernández deGobeo (Gasteiz, 1989) historiografia linguistikoan doktorea da, eta gaur egun Rey Juan Carlos Unibertsitatean irakasle dihardu, Hizkuntzalaritza sailean. Bost urte igaro ditu euskal haurrek gaztelania ikas zezaten XIX. mendean argitaratutako material elebidunak aztertzen. Euskal Herriko liburutegi nagusietan lan zahar horien bila aritzeaz gain (Euskaltzaindiaren liburutegian, Loiolako liburutegian, Lazkaoko Beneditarren Fundazioan edo Sancho el Sabio Fundazioan, esate baterako), gaiak Parisen eta Buenos Airesen ikerketa-egonaldiak egitera eraman du. Madrilgo Complutense Unibertsitatean tesia aurkeztu zuenetik, liburu horietako batzuen azterketa sakonagoa egiteko gogoz dabil, baita ikergaia XX. mende hasierako materialetara zabaltzeko asmoz ere.

-Zertan datza zure tesia? Zer aztertu duzu bertan?

-Nire tesian XIX. mendeko eskoletako haur euskaldunek gaztelania ikasteko erabiltzen zituzten liburuak aztertu ditut. Eskolan erabiltzeko egokituta dauden eskuliburu elebidunak dira, eta haietan gramatika-oharrak, hiztegitxoak eta elkarrizketak aurki daitezke. Edukiaren azterketa linguistikoarekin batera, testuinguru historiko, politiko eta kulturala kontuan izan dut, eta garaiko hezkuntza-sistemaren ikerketa egin dut. Honi esker, material elebidun hauen agerpenaren arrazoiak argitzen saiatu naiz.

-Nola bururatu zitzaizun halako gai bat ikertzea? Zein izan da zure helburua?

-Gaia tesiaren zuzendarietako batek iradoki zidan. Horri buruzko ikerketa batzuk egin zituen eta sakonki aztertu gabe zeuden materialak zirela konturatu zenez, liburu horiek aztertzea proposatu zidan. Hasierako helburuak hauek ziren: gaztelania irakasteko liburu elebidun guztiak bilatzea, garaiko testuinguruan kokatzea eta haien ezaugarri nagusiak nabarmentzea.

-Zure ikerketak euskal historiografiari ekarpen originalik egiten dio?

-Material hauen azterketa sakonak XIX. mendeko ikasleen eta euskal hezkuntza-sistemaren ezaugarriak hobeto ezagutzeko aukera ematen du. Bestalde, testu hauek lurraldearen hizkuntza-errealitatearen testigantzak dira eta hizkuntzei buruzko jarrera desberdinak erakusten dizkigute. Horrez gain, ezagutzen ez ziren argitaraldi batzuk aurkitu ahal izan ditut, eta liburu hauen eta gainerako gramatika eta hiztegien arteko erlazioak zehazten saiatu naiz. Nire lana Euskal Herriko hizkuntzalaritzaren historiarako ekarpen baliagarria izatea espero dut.

Irakaskuntza

-Zeintzuk dira XIX. mendeko hezkuntza-sistemaren ezaugarri nagusiak?

-XIX. mendean zehar Espainiako gobernuek hezkuntza-sistema nazionala garatu nahi izan zuten, eta hezkuntzaren zentralizazioa eta uniformetasuna sustatu zuten. Ondorioz, mende hartan gaztelania eskolan erabili beharreko hizkuntza bakar gisa finkatzen joan zen, gainerako hizkuntzen kalterako. Euskal eskolak hezkuntza-sistema nazionalean barneratuz joan zirenez, lege nazionalek zentro hauen egoeran eragina izan zuten.

-Zer testuingurutan sortu ziren gaztelania irakasteko materialak?

-Euskal eskoletan egoera berezia zen. Garai hartako testigantzen arabera, gipuzkoarren gehiengoa euskalduna zen, herrietan eta baserri-inguruetan batez ere. Bizkaiko hainbat lekutan ere euskara zen erabiltzen eta ezagutzen zen hizkuntza. Araba eta Nafarroan, aldiz, egoera desberdina zen. Hala ere, legediaren arabera, probintzia hauetan alfabetatzea eta eskolatzea gaztelaniaz egin behar ziren, hau da, umeek menperatzen ez zuten hizkuntza batean. Eta honek, noski, haurren heziketa zailtzen zuen.

«Umeak menperatzen ez zuten hizkuntza batean eskolatzen zituzten»

-Zer liburu mota argitaratu ziren? Erabilera zabala izan zuten?

-Batez ere eskoletako irakasleek egindako eskuliburu elebidunak argitaratu ziren, haurren beharrak gehien ezagutzen zituztenak baitziren. Eskuliburu laburrak ziren eta umeen ezaugarrietara egokituta zeuden. Berrargitalpenen arabera, badakigu liburu hauetako batzuk erabilera zabala izan zutela. Gainera, batzuk agintarien onespena izan zuten, eta eskoletan doan banatuak izatera ailegatu ziren. Beste batzuen arrakasta, ordea, ez dugu ezagutzen.

Obra aipagarriak

-Bada nabarmentzeko moduko lan bat: Luis de Astigarragaren ‘Diccionario manual bascongado y castellano’ (1825).

-Astigarragaren liburutxoak arrakasta paregabea izan zuen, garai hartako eskola-libururik zabalduena izan baitzen. 1825-1935 urte bitartean, berrogei argitaraldi baino gehiago egin ziren Gipuzkoako hainbat inprimategitan. Edizio berri hauetan argitaratzaileek edukia moldatzen eta handitzen joan ziren, beren gisara. Gainera, bizkaieraz ere hiru edizio inprimatu ziren, hiztegia Bizkaiko eskoletan erabil zezaten.

-Bestetik, tesitik kanpo geratu bada ere, iaz Francisco Jaureguiren ‘Gramera berria’ (1850) aztertzeko aukera izan zenuen Buenos Airesen.

-Liburutxo elebidun bat da, euskaraz eta gaztelaniaz, Argentinara ailegatzen ziren euskaldunek (eta bereziki, Iparraldeko euskaldunek) gaztelania ikas zezaten. Buenos Airesen inprimatu zen lehen aldiz 1850ean, eta berriro 1860an eta 1883an. Edukia nahiko eskasa da (hiztegitxo elebidun bat eta gramatika-ohar batzuk) eta ez da originala, baina interesgarria izan daiteke euskal diasporaren historia hobeto ezagutzeko. Gainera, Argentinan argitaratutako euskarazko lehenengo lana da, dakigunez behintzat.

-Nola lagun gaitzake Jaureguiren lanak euskal diasporaren historian sakontzen?

-Nire ustez, Iparraldetik zein Hegoaldetik Argentinara joandako euskaldunen errealitate linguistikoa hobeto ulertzeko izan daiteke lagungarria. Hain zuzen ere, euskal diasporaren gaineko ikerketetan (historiografian, batik bat) jendearen ezaugarri linguistikoak zehazteko desadostasunak egon dira, eta hizkuntzalaritzaren arlotik egindako ikerketak baliagarriak izan daitezke.

-Baduzu aurreko mendeetako euskara-gaztelania gramatikak eta hiztegi elebidunak ikertzen jarraitzeko asmorik?

-Oraindik ez dut egitasmo zehatzik, baina, adibidez, Jaureguiren ‘Gramera berria’ren azterketa sakona egitea gustatuko litzaidake, testuingurua kontuan izanik. Honekin batera, XX. mendeko lehen herenean inprimatu ziren zenbait liburu elebidun aztertzeko asmoa dut. Bestalde, tesian ezin izan dut nahi nuen guztia aztertu, beraz, jarraituko dut XIX. mendeko liburuak ikertzen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos