https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nekazaritza, arrantza eta basogintzako produktuak kanpoan sustatzeko 500.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak

Nekazaritza, arrantza eta basogintzako produktuak kanpoan sustatzeko 500.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak

Laguntzak Lehiatu Sustapena programaren barruan jaso dira

EL CORREO

Nekazaritzako, arrantzako eta basogintzako produktu eta elikagaiak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko aurtengo laguntzak arautzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Laguntzak Lehiatu Sustapena programaren barruan jasota daude eta 500.000 euro banatuko dira.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, nekazaritzako elikagaien kate osoa eta kalitateko produktuak babesteko eta nazioarteko merkatuetan sustatzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Saila garatzen ari den politikaren barruan daude laguntzak.

Zehazki, Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoan jaso da politika hori, eta planaren helburuetako bat da «Euskadik nazioartean duen posizionamendua eta nabarmentasuna indartzea eta elikaduraren eta gastronomiaren alorrean erreferentziako lurralde bihurtzea eta lurralde erakargarri kalitateko turismoarentzat».

Deialdiaren zenbatekoari dagokionez, 2017an 431.241,45 euro banatu ziren laguntzetan, baimendutako gastua 983.015 eurokoa izan zen, eta deialdira 74 enpresa aurkeztu ziren. 2018ko ekitaldian, ordea, 500.000 euroko laguntzak emango dira, arrantza, elikagaigintza eta basogintzako produktuen eraldaketan eta salmentan diharduten industria sektoreko enpresentzat.

Onuradunak

Laguntzen onuradun izan daitezke egoitza soziala EAEn duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, enpresak (mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak, eta enpresa handiak), kontseilu arautzaileak eta esportazioko partzuergoak.

Une jakinetan ekintzak dituzten ekimenetarako eta sustapen programen barruan bilduta dauden ekintzetarako erabili daitezke laguntzak. Onuradun bakoitzak gehienez 6.000 euro eskura ditzake banako ekintzetarako eta 22.000 euro plan edo programa oso baterako, baldin eta planak edo programak gutxienez sei jarduera aurreikusten baditu Euskadiko hiru herrialdetan.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak onuradunek ekintza hauetan egindakoetara mugatuko dira: azoketan, zuzeneko misioetan edo alderantzizko misioetan parte hartu eta horietara joateko joan-etorri, mantenu eta ostatuko gastuak; azoketan erakusle gisa parte hartzeko gastuak; aretoak eta ikus-entzunezkoak alokatzeko gastuak; salmenta guneetako sustapenen ondoriozko gastuak; sustapen programa baten barruan ekintza bereziak garatzeko enpresak kontratatzearen ondoriozko gastuak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos