https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Neandertalen desagertzea endogamiari egotzi dio Luis Ríos, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileak

Neanderthalen inguruko dokumentala./
Neanderthalen inguruko dokumentala.

Asturiasko Piloña udalerrian, El Sidrón-go leizean, aurkitutako aztarnak baliatuta burutu du ikerketa: 13 lagunen arrasto horietan, 17 sortzetiko anomalia aurkitu ditu, gorputz osoan barreiatutakoak. Nabarmendu du, adibidez, lehenengo ornoan malformazioa aurkitu duela lau kasutan

AMALIA IBARGUTXI

Luis Ríos Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileak bere lana eraman du 'Scientific Reports' aldizkarira. Aurkeztu duen ikerketak, Neanderthalen desagerpena du ardatz, eta endogamia sartu nahi du ekuazio horretara; ikertutako gorpuzkietako malformazioak, orokorrean, eta lehenengo bertebran garatutako malformazio zehatz bat, aniztasun biologikoa falta zen seinaletzat ditu.

Ríosek uste du eragin handia izan zuela, orain dela 250.000 eta 28.000 urte bitarteko epean bizi izan ziren gizakien desagerpenean, ahaideen arteko ugalketak. Asturiasko Piloña udalerrian, El Sidrón-go leizean aurkitutako aztarnak baliatuta burutu du ikerketa Ríosen taldeak. 1994an aurkitu zituzten, egoera onean.

Guztira, 13 lagunen arrasto horietan, 17 sortzetiko anomalia aurkitu dituzte, gorputz osoan barreiatutakoak. Nabarmendu dute, adibidez, lehenengo ornoan malformazioa aurkitu dutela lau kasutan. Hori bat dator, ikertzailearen aburuz, Neanderthalen paleontogenetikak planteatzen duen tesiarekin: neurri handiago edo txikiagoan zituzten ezaugarri endogamikoak, talde txiki barreiatuetan bizi zirelako.

Horregatik, azaltzen du Ríos-ek artikulu zientifikoan, uste dute egitura demografiko horrek eragina izan zuela espeziearen desagerpenean. «Aldagarritasun biologiko hain baxua zuten, genetikan ez ezik, hezurduran ere hauteman ditugula malformazio horiek. Azken ikerketek iradokitzen duten bezala, biologikoki Neandertalen jarraipena gara, nahiz eta duela 400.000 urte desagertu ziren gure arbasoak. Orain arte kontuan hartutako kausen artetik, gure ikerketak endogamia nabarmendudu».

Adituek uste dute beste gizaki modernoekiko konpetentzia edo beraiekin izandako arazoek, ingurumenarekiko menpekotasunak eta endogamiak eraman zituela Neanderthalak desagerpenera.

Temas

Euskera