https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nazioen Jaialdiari hasiera emango zaio gaur, Gasteizko Konstituzio plazan

Helburua da bertaratzen direnek mundu osotik bidaiatzen ari diren sentsazioa izan dezaten./Hugo Madariaga
Helburua da bertaratzen direnek mundu osotik bidaiatzen ari diren sentsazioa izan dezaten. / Hugo Madariaga

Bertan, bost kontinenteetako gastronomia, edariak, artea, kultura, musika, dantzak eta artisautza bateratuko dira

PAUL PICADO

Nazioen Jaialdiari hasiera emango zaio gaur, Gasteizko Konstituzio plazan. Jaialdia 2007. urtetik ospatzen da eta bere helburua erakusketa handien kutsua hurbiltzea da, bertaratzen denak mundu osotik bidaiatzen ari den sentsazioa izan dezan, baina bere hiritik atera gabe.

Besteak beste bost kontinenteetako gastronomiaz, edariez, arteaz, kulturaz, musikaz, dantzaz eta artisautzaz gozatzeko aukera egongo da 25 egunetan. Hamahirugarren edizioa izango da hau eta uztailaren 7an amaituko da. Larunbatero sukaldaritza erakustaldiak izango dira 18:30ean eta, igandeetan, haurrek ere bere lekua izango dute, izan ere, 12:30etik 18:30era haurrentzako jarduerak izango dira. Sarrera doan izango da.

Antolatzaileek World Music Festival esan diote jaialdiari aurten, eta ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan izango dira ekitaldiak. Egun bakoitzean arlo bati lotuko zaio, esaterako, bihar, euskal eta flamenko eguna izango da. Horrela, 19:30etik 21:30era Raúl Camporen dantza konpainia arituko da, eta 20:30etik 22:30era Al Compás del Alma elkartearen dantza emanaldia izango da.

Asteburu honi begira, larunbatean, Urban & Tribal eguna izango da, eta horiek lantzeko, Bendita Locura dantza-konpainia eta Gisela Dantza Zentroa arituko dira. Gisela dantza-zentroak ekialdeko dantza emanaldia emango du. Ordutegiari dagokionez, dantza-konpainia 19:30etik 21:30era arituko da eta dantza-zentroa, 20:30etik 22:30era. Bestalde, igandea, Word Dance eguna izango da, eta bertan, Errumaniako dantza-emanaldia (18:30ean), Brasilgo dantza-emanaldia (20:00etatik 22:00etara) eta euskal dantza-emanaldia (21:00etan, Indarra Dantza Taldearen eskutik) izango dira. Programa osoa ikusi nahi izanez gero, hemen deskarga daiteke.

Temas

Euskera