https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nazioarteko terrorismoak eta gerrateek kezkatzen dituzte bizkaitarrak gehien

Le Carrillon jatetxea, Pariseko atentatu yihadisten ostean./Afp
Le Carrillon jatetxea, Pariseko atentatu yihadisten ostean. / Afp

Eustaten azken ikerketaren arabera, bizikidetzarekiko kezka apur bat handiagoa da Bizkaian eta Araban, Gipuzkoan baino

AMALIA IBARGUTXI

Nazioarteko terrorismoa eta gerrateak dira, bakea eta bizikidetzari dagokionez, bizkaitarrak gehien arduratzen dituztenak. Eustaten azken ikerketaren arabera, bizikidetzarekiko kezka apur bat handiagoa da Bizkaian eta Araban, Gipuzkoan baino. Oro har, bakea eta bizikidetzaren inguruan egin dute ikerketa, baina, zehatzago, erlijio musulmaneko komunitatearen inguruan jardun dute.

Pasa den ekainean egindako ikerketan aurkeztutako gai ezberdinen artean, nazioarteko terrorismoa eta gerrateak dira herritarrak gehien kezkatzen dituztenak, arazo horrek biztanleen %70a asko kezkatzen ditu, eta %20a nahikoa. Biztanleak arduratzen ditu, «dezente» ere bai, Euskadiko bake eta bizikidetza prozesuak (%63 eta %22, hurrenez hurren) eta migrazio eta errefuxiatuek (%54 asko eta %30 nahikoa). «Arraza edo erlijio ezberdinetako pertsonen arteko elkarbizitzak» kezka apur bat gutxiago sortzen badu ere, biztanleen erdia baino gehiago dira kezka agertu dutenak.

Nazioarteko terrorismoa eta gerrateez gain, bake eta bizikidetza prozesuaren inguruan ere egin du galdeketa Eustatek. Eusko Jaurlaritzak bake prozesuan eta bizikidetzan egindako lanekin gustura agertu dira ere bai biztanleen erdia pasatxo. 2006an %23ak soilik nabaritzen zuen bake prozesuan aurrerapenik, eta 2014an %28ra igo zen ehuneko hori.

Bestalde, Espainiako Gobernuak bake prozesuan eragiteko burututako lanekiko desadostasun handia dagoela Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) adierazi du ikerketak. Izan ere, biztanleen %9k soilik uste du ondo ari direla lan horretan.

Jaurlaritza ondo edo oso ondo ari dela uste dutenen ehuneko horren azken urteetako gorakadarako joera mantendu egin da, eta biztanleriaren %65ek adierazi du Eusko Jaurlaritzak indarrean duen bake eta bizikidetza planaren helburuekin «gehienbat ados» daudela.

Elkarrizketatuen herenak baino gehiagok ezagutzen dute Gogora, Memoriaren Institutua, eta ezagutzen dutenen artean ia bi herenek positiboki baloratzen dute egiten duen lana.

Elkarrizketatuen erdia ados dago Jaurlaritzaren giza eskubideen babes neurriekin, eta biktima zein errefuxiatuei dagozkien lanekin, eta baita nazioarteko terrorismoaren aurkako borrokarekin ere. Aldiz, %15 baino ez dira giza eskubideen defentsan gaizki ari dela uste dutenak, %9k biktimekin, % 22k errefuxiatuekin eta %13k nazioarteko terrorismoaren aurkako borrokan.

Bizikidetza hobetzeko

Adostasun handiena jaso duten iritziak dira bizikidetza hobetzeko guztiok egin behar dugula ahalegin bat, bai pertsona atzerritarrek zein hemengoek (%91 erabat ados edo ados), eta beste talde etnikoetako etorkin atzerritarrek Euskadiko bizitza kulturala aberasten dutela (%65).

Hala ere, handia izan da ere bai iritzi horien kontra agertu diren lagunen kopurua. Migratzaile batzuen erlijio jarduerek «gure bizimodua arriskuan jartzen dutela» eta erlijioak sortutako indarkeria fanatikoa arazo bat dela Euskadin uste zuten galdetutakoen erdiak.

Bertakoen eta atzerritik etorritakoen arteko udalerriko bizikidetza eta harreman-giroa ona dela uste da orokorrean, nahiz eta balorazio hori apur bat positiboagoa den atzerritik etorritakoen artean bertan jaiotakoen artean baino.

Temas

Euskera