https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nazioarteko 16 herrialdetako 50 Euskal Etxek baino gehiagok egin dute bat Euskal Diasporaren Egunarekin

Nazioarteko 16 herrialdetako 50 Euskal Etxek baino gehiagok egin dute bat Euskal Diasporaren Egunarekin

Egitasmo honen ekitaldi nagusia Ispasterren ospatu zen igandean, irailak 8

UNAI SARRIUGARTE

Nazioarteko 16 herrialdetako 50 Euskal Etxek baino gehiagok egin dute bat Euskal Diasporaren Egunarekin. Izan ere, bigarren urtez jarraian euskal lurraldetik kanpo dauden euskal gizataldeek ekimen berezi honetan esku hartzen dihardute. Egitasmo hau nazioartean burututako galdeketa baten ondorioa da.

Euskal Diasporaren Egunak bi helburu nabarmen aurkezten ditu: batetik, euskal komunitateak errotuta dauden tokietan ikustera ematea; bestetik, euskal gizarteari euskal diasporaren errealitatea erakustea. Hortaz, Ispasterren igandean, irailak 8, burutu zuten ekitaldi nagusiaz gain, hainbat jarduera egin izan dira 16 herrialdetako 50 Euskal Etxe baino gehiagotan.

Nafarroan eta Iparralden ere zenbait ekitaldi ospatu ziren euskal diasporaren omenez. Euskal Artzainak Ameriketan Elkarteari esker irailaren 7an, larunbata, Amerikara emigratu zuten artzainen urteko topaketa egin zen Erron (Nafarroa). Gainera, Baionan eta Donibane Lohitzunen (Lapurdi) zenbait ekitaldi ere burutu izan zituzten euskal migratzaileen inguruan.

Aipatu dugunez euskal lurraldetik kanpo asko izan dira egin izan dituzten ekimenak. Argentinan irailaren 3an imigrantearen eguna ospatu zuten. Era berean, pasa den asteburuan euskal gizarteak hainbat ekitaldi ospatu izan zituen Argentina, Alemania, Belgika, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Mexiko, Peru, Paraguai, Erresuma Batua, Uruguai edota Venezuelako Euskal Etxeetan.

Herrialde hauetan ospatu zituzten egitasmoak mota askotarikoak izan dira: herri bazkariak, omenaldiak, dantzaldiak, kirolak, erakusketak, desfileak, hitzaldiak, proiekzioak, mezak, kontzertuak, tailerrak, genealogia, bilerak, jolasak, musa, pik-nikak edota aldarrikapenak. Egitarau zabal eta oparoa nazioarteko euskal komunitatea kalera atera eta euren burua euskaldun gisa aldarrika dezaten.

Temas

Euskera