https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketak gizartean eragin ditzakeen ondorio larriak salatu ditu txosten batean

Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketak gizartean eragin ditzakeen ondorio larriak salatu ditu txosten batean

Testuak egoera horrek migrazio eta gosete orokorra eragingo duela aurreratzen du

UNAI SARRIUGARTE

Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketak gizartean eragin ditzakeen ondorio larriak salatu ditu txosten batean, desberdintasun soziala eta pobrezia gehienbat. Txosten hau Philip Astonek NBEko kontalariak aurkeztu zuen atzo, ekainak 28, Genevan (Suitza), NBEren Giza Eskubideen Batzordearen aurrean. Muturreko pobreziaren eta giza eskubideen inguruko txostenaren parte dira ondorio horiek.

'Apartheid klimatikoa' izendatu zuen Alstonek datorren mehatxua. Pobreen eta aberatsen arteko bereizketa gero eta handiagoa baita aldaketa klimatikoaren kalteen aurrean. Hirugarren munduko herrialdeek pairatuko dituzte gehienbat aldaketaren kalte handienak. NBEko ordezkariak zioenez: «azken 50 urtetan pobrezia desagerrarazteko egin dugun aurrerabidea desegin dezake». Klima aldaketa honek milioika lagun pobretuko ditu, migrazio eta gosete orokorra ekarriko baitu.

Alstonek helarazi zuenez: «2030erako gutxienez 120 milioi lagun gehiago egongo lirateke muturreko pobrezian«. Izan ere, aurreikuspen baikorrenek tenperaturaren 1,5 graduko igoera globala etorriko dela diote, hortaz, elikadura-segurtasun falta handia ekarriko du horrek. Ordezkariak esan zuenez: »jende askok aukeratu beharko dute, migratu edo gosea pasa«. Zenbait adituk diotenez 30 urteren buruan 140 milioi lagun tokiz aldatzera kondenaturik egongo lirateke, batez ere Afrikan, Asian eta Hego Amerikan.

Apartheid klimatikoa agerikoa izango da gizartean. Kontalariak nabarmendu zuenez aberatsek korporazio pribatuei ordainduko diete larrialditik ihes egiteko, gainerako munduak sufritzen duen bitartean. Era berean, NBEko ordezkariak aldaketa klimatikoa interes pribatuen mesederako erabiltzeak dakartzan arriskuak ere gogorarazi zituen. Izan ere, azken urteotan natur baliabideak gero eta gehiago ustiatzen dabiltza munduan eta horrek eragin zuzena izango du planetan, egungo tenperatura gero eta altuagoa izanik.

Alstonek gizartean eskubide zibil eta politikoak oso zaurgarri bihurtuko direla aitortu zuen. Honek gogor egin zuen Amerikako Estatu Batuetako presidente den Donald Trumpen eta Brasilgo Bolsonaro eta antzeko administrazioak kudeatzen dituzten agintarien aurka. Izan ere, hauexek alarma horien ez entzuna egiten dute. Brasilen esaterako. Amazoniako oihanean meatzaritzara irekitzeko saiakera hasi berri dute.