https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Natura naturae

Ehiztariak greban daude martxotik. Helburu bat dute: ehiztariak ez garenok zer gertatzen den, basurdeekin esaterako, ikus dezagun

Ehiztariak./Rafa Gutiérrez
Ehiztariak. / Rafa Gutiérrez
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Ehiztariak greban daude martxotik. Helburu bat dute: ehiztariak ez garenok zer gertatzen den, basurdeekin esaterako, ikus dezagun. Tira, ba ikusiko dugu. Nik ez dakit zer gerta dakigukeen, baina, haiek diotenez, euren jarrerak baserritarrei eta abeltzainei arazoak ekarriko dizkiote. Pasa den asteburuan, 15 mila pertsona manifestatu ziren Donostian ehiztarien eskubideak aldarrikatzeko. Sektore batzuek kriminalizatu dituztela salatzen dute; euren aburuz, ekologia eta naturaren alde lan egiten badute ere. Ikusiko dugu zer gertatzen den, zer gertatuko den ehiza desagertuko balitz. Nik ez dut ehiza atsegin, bortitz egiten zait, baina badakit landa eremua ez dudala ondo ezagutzen. Interesatzen zait, asko, baina ez naiz hazi eta ez naiz bizi testuinguru horretan. Beraz, muturreraino jo baino lehen, lehen-sektorearen errealitatea zein den jakin beharko genukeela iruditzen zait.

Bitartean, Nazio Batuen Erakundeak egindako txosten batek milioi bat espezie desagertzear daudela jakinarazi digu. Hau da, egun existitzen direnen %10. Suntsipen horren azalpena kontsumo aseezina da. Klima aldaketa, kutsadura eta animaliekin egiten den trafikoa daude pronostiko horren oinarrian. Zorrotz izan behar dugu geure buruarekin: gure gizartea, animalienganako tratu txarretan oinarrituta dago. Baliteke ehiztariena latzena ez izatea.

Orain dela gutxi jakin dut Asturiasko landa-etxe bateko bezeroak auzoko baten oiloek goizegi eta zaratatsuegi kakara egiten zutelako kexatu direla. Eta auzoko horrek oilategia itxi behar izan du. Asko gustatzen zaigu natura, baina agian ez dakigu, hain zuzen ere, natura zer den. Nire herrian, atseden-etxe bat dago ibai ertzean. Arratsaldeetan, bezeroak ibaira joaten dira. Beren autolaguntza liburuak irakurtzen dituzten bitartean, herriko haurrak algaraka dabiltza. Bezeroei ez zaie gustatzen iskanbila, beraiek ume gabeko herriak nahiago lukete, antza. Kontraesan anitz ditugu, nik lehena, baina badaukat ziurtasun bat ere: landa eremua ondoen ezagutzen dutenak landa eremuan bizi direnak dira, eta entzun beharko genieke, kontra egiteko bada ere.

Temas

Euskera