https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nanoipuin Lehiaketarako lanak aurkezteko epea hasiko da astelehenean

Testuek, gehienez, 150 karaktere izan beharko dituzte./Fotolia
Testuek, gehienez, 150 karaktere izan beharko dituzte. / Fotolia

Gasteizen ospatuko den lehiaketan 12 eta 30 urte arteko gazteek parte har dezakete eta martxoaren 31ra arte aurkez daitezke lanak

PAUL PICADO

Gasteizko Liburutegien Udal Sarearen jardueren barruan antolatutako Gasteizko Nanoipuin Lehiaketak lanak aurkezteko epea irekiko du datorren astelehenean, otsailaren 18an, eta martxoaren 31n amaituko da. Parte-hartzaileek Gasteizen bizi, ikasi edo lan egiten duten 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izan beharko dute.

Baldintza nagusiei dagokienez, gehienez, 150 karaktere izan beharko dituzte, izenburua (hautazkoa) eta hitzen arteko zuriuneak barne, eta 'sarea' hitza nahitaez agertu beharko da. Ezarritako gehienezko muga hori gainditzen badute, automatikoki lehiaketatik kanpo geratuko dira. Jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute.

Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bi ipuin aurkez ditzake, zer hizkuntzatan egiten diren alde batera utzita. Gehiago aurkezten badira, azken biak bakarrik kontuan hartuko dira. Bi kategoria daude: A eta B. Lehen kategoria horretan, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek parte har dezakete; bigarrenean, berriz, DBHko 3. mailatik gorakoek eta gehienez, 18 urte dituztenek. Horrez gain, Laboral Kutxa saria egongo da, 19 eta 30 urte bitarteko gazteentzat. Esan beharrik ez dago euskarazko eta gaztelaniazko sariak bereiziko dira.

Hemen eskura daiteke lehiaketan parte hartzeko aurkeztu beharko den inprimakia, astelehenetik aurrera aktibatuta egongo dena. Azkenik, bi sari izango dira. Lehen saria diploma bat eta tableta izango da, eta bigarren saria, diploma eta 50 euroko erosketa-txartela, liburutegi batean erabili beharrekoa. Parte-hartzaile bakoitzak sari bat bakarrik irabaz dezake, eta irabazleen izena udalaren web-orrian eta Udal Liburutegien Sarearen Twitter kontuan jakinaraziko da.

Temas

Euskera