https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Naia del Castillo, Ixone Sádaba eta Miren Doiz artisten argazkiak ikusgai 'DURANTE, DESPUÉS' erakusketan

Miren Doiz, Ixone Sádaba eta Naia del Castillo, erakusketarekin./Ainhoa Gorriz
Miren Doiz, Ixone Sádaba eta Naia del Castillo, erakusketarekin. / Ainhoa Gorriz

Erakusketa Amarica aretoan egongo da ikusgai, eta komisario gisa Sema D'Acosta aditu ezaguna arituko da

PAUL PICADO

Naia del Castillo, Ixone Sádaba eta Miren Doiz artisten argazkiak aukeratu dituzte DURANTE, DESPUÉS erakusketarako. Abuztuaren 25era arte egongo dira ikusgai artisten argazkiak, eta komisario gisa Sema D'Acosta aditu ezaguna arituko da. Honen ustez, gaur egun, beste modu batera ulertzen da argazkilaritza, eta ez du zerikusirik XX. mendean nagusitu den zentzu dokumentalarekin.

Hiru artistek modu berean ulertzen dute argazkilaritza, eta garrantzi berezia ematen diote estudioan egindako gogoetari, une bereziak harrapatzeko nahiari baino gehiago. Horrenbestez, erakusketa honetan, gauzak gertatzeko moduari, lantegian egindako ikerketari eta irudien bidez adierazten diren ideien aldaketei buruzko gogoeta egiten da. Ikus daitekeenez, lan batzuk amaitu gabe daude; beste batzuetan, jarduera oraindik burutu gabe dago, edo behin betiko egoera lortu aurreko etapak ikusten dira.

Naia del Castillo Arte Ederretako lizentziaduna da, Eskultura espezialitatean, eta hainbat beka eta egonaldi lortu ditu prestakuntzarekin jarraitzeko. Zenbait sari ere lortu ditu, hala nola Festival Off de PHE05 jaialdian eta Caja Madrideko Generación 2006 lehiaketan. Horrez gain, 2005. urtean ParisPhoto erakusketan Espainiaren ordezkari izateko hautatu zuten. Hainbat erakusketa ere egin ditu, bai Estatuan, bai Alemanian, Estatu Batuetan eta Austrian.

Ixone Sádaba Arte Ederretako lizentziaduna ere bada. Besteak beste Generaciones saria irabazi zuen 2011. urtean, eta Sovereing Art Foundation Sarian finalista izan zen 2012. urtean. Nazioarteko museoetan erakutsi ditu bere lanak, hala nola Bilboko Guggenheim museoan, Reina Sofía Museoan, Torontoko MOCCA Contemporary Art Museum museoan edo New Orleanseko Museum of Contemporary Art museoan.

Azkenik, Miren Doiz Arte Ederretako lizentziaduna da, eta Madrilen bizi eta lan egiten du. Pinturaren mugak zalantzan jartzea gustukoa du, baina azken urteetan pintura alde batera utzi, eta beste material batzuk erabili ditu, objektuari gehiago erreparatzeko. Bere lanak besteak beste leku hauetan egon dira ikusgai: Seulen, Berlinen, Erroma, Mexikon edo Sao Paulon.

Temas

Euskera