Borrar

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Bilbo ez zen erakargarri sasoi batean. Bazuen nolabaiteko xarma industriala, inoiz indartsu izan eta gainbehera dagoenarena, koloreen ordez gristasun tonalitateak baino ez dituenarena. Ez zegoen sekula hiri ederrenen zerrendetan, ez erakargarri zirenek osatutakoetan. Ezta turismo apurren bat jasotzen zutenen artean ere. Aberastasun iturri izan zen bitartean horri eman zitzaion erabateko lehentasuna, lehortzen hasitakoan hondakin tematiko itxura hartu zuenera arte.

Oso bestelakoa da gaur egungo Bilbo. Bizitasunarekin lotutakoa, jardueraz betetakoa, argiaren kolore guztietakoa. Edozein arotan zer eskaini baduena. Jendetzaren topaleku bihurtutakoa. Udako sargoriak ere bestelako hiria ezagutzeko aukera ematen du, kalera begirakoagoa, perspektiba zabalagokoa, beste eskala batekoa. Zokondoez gozatzeko sasoia da, kultura eta aisaldia uztartzekoa.

Horretara dator, esaterako, BBK Live. Hiri eraberritu bateko saiakera antzera hasitakoa guztiz heldu da, hazi eta egonkortu. Milaka lagunen urteroko erantzunak lortu du hori. Uztailaren 12tik 14ra bitarterako prestatutako 96 emanaldietan 120.000 laguneko edukiera beteko dute 120 bat herrialdetatik etorritakoek. Guztira hogei milioi euro inguruko eragin ekonomikoa izango du musika jaialdiak, eta mila lagun jarriko ditu lanean.

Kobetamenditik zabaldutako doinuen oihartzuna Estatuko zein nazioarteko hainbat lekutara helduko da, urtero legez. Zer hoberik norbere izena puntako musikarekin lotzea baino; bestelakoetan kirolarekin, hirigintza aurreratuenarekin edo goi-mailako ekitaldiekin egiten den legez. Bilbok abangoardiarekin lotuta agertzen jakin du bete-betean, bere betiko nortasuna mestizaiarekin aberasten, tradizioa eta gaur-gaurkoa uztartzen.

Alde horretatik, BBK Live bikaintze prozesu baten osagaietakoa da. Eta ez nolanahikoa, musika gazteei eta bizipozari estu atxikitakoa delako, edonoren aurrean norbere burua aurkezteko modurik zuzen eta atseginenetakoa. Artea eta kultura ezaugarritzat dituen edozein hirik arrakasta borobilena lortu du, batik bat ia hutsetik abiatuta egin duenean. Hondoa jotzear egotetik mundu mailako ezagutza bereganatzera igaro denean. Horrek merezi du goi-mailako musikarekin ospatzea, Kobetamendi argiz eta algaraz betetzea.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios