https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Musika-tresnen tailerra izango da asteazkenean Gasteizen

Musika-tresnen tailerra izango da asteazkenean Gasteizen
Fotolia

Gasteizko Udalaren liburutegi-sareak antolatutako jardueren barruan egingo da, El Pilar liburutegian

PAUL PICADO

Gasteizko Udalaren liburutegi-sareak hainbat jarduera antolatu ditu otsailetik maiatzera bitartean, eta jarduera horien barruan, datorren asteazkenean, musika-tresnen tailerra izango da Trakamatra konpainiaren eskutik. Tailerra 18:00etan hasiko da El Pilar liburutegian, eta sarrerak 1,5 euro balioko du bazkideentzat, 2,5 euro, berriz, ez bazkideentzat. Tailerra, berez, 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat da, eta gutxi gorabehera 90 minutuko iraupena izango du.

Tailer honetan, material birziklatuak edo etxean aurki daitezkeen edozein objektuak erabiliz, musika-tresnak egingo dira. Horrela, haize, hari edo perkusio tresna mota desberdinak egingo dira, eta haiek oinarrizko modu batean jotzen ere ikasiko dute umeek. Hasieran tailerraren aurkezpena egingo da, eta ekarritako materialarekin zer egin daitekeen azaldu. Parte-hartzaile bakoitzak bere musika-tresna sortuko du, eta egindako guztietatik bat edo bi aukeratuko dira, gero, tresna guztiekin abesti bat jotzeko.

Hauek dira besteak beste tailerraren helburuak: musika-tresnen funtzionamendua eta erabilera ezagutu eta ulertzea, etxean birziklatutako gauzekin musika-tresnak egitea, musika ezagutu, ulertu eta erabiltzea, soinuaren eta musika-tresnen inguruko oinarrizko hiztegia eta kontzeptuak bereganatzea eta musika eta kultura aniztasuna balioestea.

Trakamatraka Jon Urrutia bilbotarrak sortu zuen. Berak, gitarra eta biolina jotzen ikasi zuen Bilboko 'Juan Crisostomo de Arriaga' kontserbatorioan. Horrez gain, Musika Hezkuntza eta Antropologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Hainbat proiektutan parte hartu du eta musika ikertzeko bideari jarraitu dio, hala nola perkusio-instrumentuak, haize-instrumentuak, harmonia, konposizio-teknikak, moldaketak eta bestelakoak aztertuz.

Temas

Euskera