https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Musikariak Ikastetxeetan programaren bigarren edizioa antolatuko dute datorren ikasturtean Nafarroan

Musikariak Ikastetxeetan programaren bigarren edizioa antolatuko dute datorren ikasturtean Nafarroan
Nafarroako Jaurlaritza

41 musikarik kontzertuak eskainiko dituzte Nafarroako 191 institututan

UNAI SARRIUGARTE

Musikariak Ikastetxeetan programaren bigarren edizioa antolatuko dute datorren ikasturtean Nafarroan. 41 musikarik kontzertuak eskainiko dituzte Nafarroako 191 insititututan. Ekimen honek euskara eta euskal kultura hedatzea eta transmititzea du helburu. Iazkoa izan zen lehenengo edizioa, 23 musikarik 88 emanaldi eman zituzten autonomia erkidegoko 4.000 ikasle baino gehiagoren aurrean.

Nafarroako Gobernua oso pozik dago iaz martxan jarritako proiektu berri honekin. Alberto Barandiaran Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Saileko kideak nabarmendu duenez emaitza positiboa izan da. Era berean, irakasle eta musikariek gazteentzat dinamika aberasgarria dela goraipatu dute.

Programa honetan musikariek 50 minutuko musika emanaldiak eskaintzen dituzte 14urtetik 18 urtera bitarteko gazteei. Saio bakoitzak bi atal izaten ditu: batetik, abeslaria euskal kulturaren eta euskal musikaren inguruan mintzatzen zaie gazteei; eta, bestetik, kontzertu txiki bat eskaintzen die. Atal honen amaieran gazteei sorrarazitako galderen txanda dator.

Datorren ikasturteko programan esku hartu nahi duten zentroek irailetik aurrera egin beharko dute eskaera. DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleak dituzten A eta D ereduko ikastetxeek egin ahalko dute soilik eskaera. Hezkuntza Departamentuko Euskara Atala arduratzen da ekimen hau antolatzeaz.

Pasa den urtetik honetara ia bikoiztu egin da bertan parte-hartuko duten musikarien kopurua: 23tik 41 abeslaritara pasako da aurten. Horien artean honako hauexek nabarmendu daitezke: Gari, Joseba Tapia, Mursego, Alex Sardui, Gorka Urbizu, La Basu, Ines Osinaga, Izaro Andres, Maite Larburu, Eñaut Elorrieta eta Mikel Urdangarin.

Egitasmoan esku hartuko duten artisten artean pluraltasuna dago. Izen handiak musikari hasiberri eta ezezagunekin uztartu egingo dira, euskal musikaren aberastasuna islatzeko helburuarekin. Programa oso baliagarria da ikasleek bestela ezagutuko ez zituzten pertsonak eta istorioak ezagutzeko.

Bigarren edizio honek hainbat berritasun aurkeztuko ditu. Bertan hamar unitate didaktiko jorratuko dituzte, eta alderdi digitala indartuko dute, irakasleek baliabideak izan ditzaten ikasgeletan euskal kulturaren transmisioa lantzeko. Gainera, musikariek herri eta auzune ezberdinetako institututuetan hartuko dute parte. Hori dela bide, ekimenaren antolatzaileak toki horietako kultur eragileekin harremanetan jarriko dira, eskoletara musika emanaldia eskaintzera joaten diren egun berean, musikariek musika emanaldi ireki bat egitea proposatuko diete eragileei.