Borrar
Directo La primera semifinal de Eurovisión 2025, en directo
Euskara Gariren egunerokotasunaren parte izan da betidanik. Gari & Maldanbera
«Belaunaldi berriek euskarazko ispilu musikalak behar dituzte eta hori motorra da niretzat»
Gari, Hertzainak taldeko abeslaria

«Belaunaldi berriek euskarazko ispilu musikalak behar dituzte eta hori motorra da niretzat»

Legazpiarrak ez du musika ulertzen euskararik gabe, eta horren isla da disko guztiak hizkuntza horretan argitaratu dituela oso-osorik

UNAI SARRIUGARTE

Sábado, 19 de noviembre 2022

Iñaki Igon Garitaonaindia Murgiondo 'Gari' ezizenaz ezagun, euskal abeslari eta bakarlari esanguratsuenetakoa dugu. 80. hamarkadan Hertzainak talde mitikoko abeslari izanagatik egin izan zen famatu. Garai hartan euskal musika panoramaren ikur izan zen. Azken 27 urteotan, aldiz, zuzeneko animali eszeniko hori jada desagertuta, Gari berri bat ikusi ahal izan dugu oholtza gainean, helduagoa, eta askoz ere lotuagoa musikarekin eta bizitzarekin. Orain, 'Hertzainak'en agur definitiboaz gozatzeko aukera eskainiko digu, abenduan Barakaldoko BECen eta urtarrilean Gasteizen. Aukera paregabea nostalgikoentzat eta musika ona maite dutenentzat, bai.

Legazpiarra izaki, euskara Gariren egunerokotasunaren parte izan da betidanik. Ez du musika euskararik gabe ulertzen, eta horren isla da euskara hutsean kaleratu dituela bere disko guztiak. Musikari den heinean, beretzat ezinbestekoa da generazio berrien ispilu izatea, eta, horretarako, motorra du euskara.

Hala, Bilboko Achucarro kalean etxeko txikienentzako produktuak saltzen dituen bere familiaren 'Kokorilo' dendan hitzartu gara berarekin, euskararen, musikagintzaren eta kulturaren inguruan duen iritzia eta zenbait pasadizo ezagutzeko.

-Nondik datorkizu musikagintzaren aldeko grin hori?

- Ni legazpiarra naiz, gipuzkoar bat berez, Bilbo hiri nagusi honetan. Oso gaztetan azaldu zitzaidan zaletasun hori, ez bakarrik musikarena, baita herriko giroa astintzeko grin horrena ere.

-Kaleratu duzun disko oro Hertzainakekin izan ala bakarlari gisa izan, euskara hutsean izan dira, zergatik?

-Euskalduna naizelako, Euskal Herrian bizi naizelako. Gure hizkuntza ez dago erabat normalizatua, eta, beraz, erronka bat da oraindik gurea mantentzea. Hizkuntza ez da gurea bakarrik, baizik eta denona. Oso polita da euskara sustatzea, horren alde borrokatzea.

-Zer iruditzen zaizu Euskaraldia ariketa soziala? Parte-hartzen ari zara?

-Nik egunero parte-hartzen dut ekimen honetan, nire konpromisoa euskararekin egunerokoa baita. Euskaraldia aiketa sozial bezala ondo deritzot, izan ere, garrantzitsua da oraindik tankera horretako kanpainak sustatzea. Ni musikaria naiz, eta niretzat ezinbestekoa da generazio berriek euskal musikarekin ispilu bat izatea, gurea mantentzeko aukera bermatzen baitigu honek. Kultura gauza garrantzitsu bat da, areago ikusi dugu hauxe pandemia garaian.

-Noiz ikasi zenuen euskaraz? Euskaldun zaharra al zara?

-Euskaraz ikasi nuen lehenengo, euskaraz egiten baitzen nire etxean, baita ikastolan ere. Aita eta bere senitartekoekin oso harreman estua geneukan eta euskara hutsean izaten zen. Bizkaitarrak ziren, zaldibartarrak, horregatik izan dut hain harreman estua txikitatik Bilborekin. Gainera, gurasoen denda Bilbon zegoen, denda mitiko bat izan da, lehen Maximo Agirren kokatuta zegoen, eta gaur egun Achucarron.

-Eta, orain, zure egunerokotasunean euskara erabiltzen al duzu, familiarekin, lagunekin edota lanean?

-Bai, azpimarratuko nuke gehienbat nire negozioan. Denda hauxe Bilboko Indautxu auzoan dago, hemen betidanik ez da batere euskara entzun, oso gutxi. Euskara negozioetan erabiltzeak azken hamarkadetan ukitu ezkor bat izan du. Nire aita euskaltzalea zen eta hobeto hitz egiten zuen euskaraz gazteleniaz baino, eta niri ez zidan dendan euskaraz mintzatzen uzten. Gaur egun beharrezkoa da negozio txikietan gure hizkuntza, hau da, euskara normalizatzea, ukitu ideologiko edo politikoak baztertuz. Bertan euskaraz egunero mintzatzen naiz, eta esan behar dut Indautxun egoera erabat aldatu dela, euskal hizkuntza gero eta gehiago entzuten delarik. Zonalde honetako saltokietan euskara dakite gehienek eta gure artean euskaraz aritzen gara.

-Ikasketok euskaraz egin zenituen, zer eskolatan ikasi zenuen?

-Bai, eskolan euskaraz ikasi nuen, ikastolan ikasitako lehendabiziko generaziokoa bainaiz. Legazpin garai hartan zortea izan genuen, Kimu Berri Ikastolan ikasi nuelarik. Udalerri horretan gauzak erabat aldatu dira, txikitan bertan umeek ez baigenuen euskara erabiltzen, baizik eta senideen artean, gurasoekin batez ere. Gaur egun nire jaioterrira noanean euskara hizkuntza da nagusi.

-Hertzainakekin konposatu zenituzten zenbait abesti euskal belaunaldi ezberdinen ereserki bilakatu dira; 'Aitormena' abestia, esaterako. Zerk suposatu zuen horrek zuretzat?

-Hertzainak taldeko partaide gazteena nintzen, izan ere, Josu eta nire artean ia hamar urteko diferentzia dago. Oso gaztea nintzen taldera sartu nintzenean, eta, 'Aitormena' plazaratu arte, gure publikoa nire adinetik gorakoa zen. Abesti hau kaleratu ondoren erabateko aldaketa generazionala egon zen, eta, bat-batean, guztiak ni baino askoz gazteagoak ziren. Niretzat kantek duten garrantzitsuena, publikoarekin sortzen duten konplizitate emozionala da, eta garai hartan Hertzainakekin magia piztu genuen.

-Hertzainak taldeko sortzaile ez izan arren, Josu Zabalarekin batera, Gasteizko bandari aurpegia jarri zion Iñaki Garitaonaindiak. Zelako erlazioa mantzentzen duzu berarekin?

-Azkenengo urteetan hainbat saio egin ditugu elkarrekin, formatu ezberdinetan. Oso gustokoa dut berararekin elkartzen naizenean, bera trikitrixarekin eta ni gitarra akustikoarekin, a zer nolako gaitasuna duguna! Lehengo errepertoriotik edozein kanta hartu eta bat batean beste eremu sonoro batera eraman eta disfrutatu ahal izatea ikaragarria da. Hor dago gure harremanaren gako eta altxorra.

-Oholtza gainean tamaina handiko hainbat artistarekin jotzeko aukera izan duzu. Ze artistarekin sentitu zara erosoen oholtza gainean?

-Oso kuttuna, kuttunena agian, Euskal Herrian izan dugun animali eszeniko ikaragarriena, Karlos Agirreurreta, 'Mahoma' litzateke, RIP taldeko abeslari ohia. Berarekin hainbat gauza egin nituen elkarlanean. Tamalez, jada ez dago gure artean...

-Zelatan animatu zarete berriro ere Hertzainak berpiztera oholtza gainean? Zerk eragin du 'Agur' itzulera hauxe?

-2019an Bilboko Euskaldunan bi saio egin genituen, baita Kafe Antzokiko azkena ere. Hauxe amaitu eta gero, asmoa nolabaiteko agur bira bat ematea zen Gasteizen. Baina, pandemia tartean sartu zitzaigun eta bertan behera geratu zen proiektu hori. Aurtengo urtarrilean egitasmoa berreskuratu dugu eta Hertzainaken liburuaren azken kapitulua idazteko asmoa dugu.

-Nola da Iñaki Garitaonaindia agertokietatik kanpo?

-Zentzu horretan bi Gari daude, bi pertsonaia. Gari frontman-a, Hertzainakekin eta Hertzainaken aurretik herriko taldean ibili zena, zuzeneko animali eszeniko bat. Baina, Hertzainaken esperientzia bizi eta gero, kontzienteki erabaki nuen irudi horrekin apurtzea. Harrezkero, azkenengo 20 urteotan Gari berri bat izan da, askoz ere lotuagoa musikarekin, eta beste konpromiso bat duena bizitzarekin eta taldelanarekin. Niretzat ikasketa bide zoragarri bat izan da, nahiz eta bidea bihurgunez inguratuta egon. Iluntasuneko zaletasun hori desagertu da, eta, gaur egun, kapaza nahiz bizitzari beste era batean aurre egiteko.

-Hertzainaken letrak 80. eta 90. hamarkadako egoera politiko eta soziala islatzeko instrumentu gisa baliatu zenituzten. Mezuak eragina izan al zuen gazteriaren artean?

-Dudarik gabe, Hertzainaken hitzak oinarri bat zuten, kronika sozial bat azaltzen zuten. Errezagoa da gazteekin lotura bat bilatzean zuk eguneko kronika sozial bat egiten baldin baduzu, eta zure ikuspuntua ematen baduzu. Nire kasuan, Gari bezala, bakarlari bezala, gaiak beste batzuk dira, beraz lotura publikoarekin beste modu batean sortzen da. Ez naiz gaur egun, baina Hertzainakekin ikur nintzen, ikur ginen, horrek zerikusia izan zuen niregan, eta, Hertzainakekin amaitu ondoren, hortik aldendu nintzen.

-Bakarlari gisa disko asko kaleratu dituzu, zeinekin geratzen zara?

-Gari & Maldanberarekin kaleratu berri dut disko bat, 'Zuzenean 2022' (Elkar), non azken 27 urteotako ibilbidea birpasatzen dudan. 16 kanta biltzen ditut bertan, eta lan hau aurkezten ari naiz azken boladan, zuzenekoak eginez. Azkenengo seme alabak izan ohi dira kuttunenak, azken diskoarekin gelditzen naiz hortaz.

-Zeintzuk dira zure zaletasunak agertokietatik kanpo?

-Nire hobbyek denborarekin erlazio estua aurkezten dute. Gustatuko litzaidake denbora gehiago izatea, astia nire gauzak egiteko, baina zoritxarrez ez dut denbora askorik. Saiatzen naiz gehienbat mantentzen tono fisiko bat, horrek nire egunerokotasunean izugarri laguntzen baitit. Kirola izugarri gustuko dut, gehienbat txirrindularitza, eta mendi eta errepideko txirrindularitza egiten dut. Kulturaren aldetik zinema eta literatura maite ditut.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Belaunaldi berriek euskarazko ispilu musikalak behar dituzte eta hori motorra da niretzat»