Eñaut Elorrieta. igor aizpuru
Durangoko Azoka

Musikaren berpiztea

Gatibu, Zea Mays, Eñaut Elorrieta... Kulturaren plazako artistarik ezagunenak nobedadez beterik datoz aurtengoan

n. c.

Martes, 6 de diciembre 2022, 11:04

Gogotsu datoz gure musikariak ere aurtengoan. Orain dela aste batzuk aurrerapen gisako abesti bat kaleratu ondoren, oraingoan bai, eskuragarri izango da Azokan Gatibu talde bizkaitarraren lan berria. 'EH Distopikala' izendatu dute, eta beren hitzetan «gorputza eta gogoa astintzeko dei bat» da. Emili Bosch ekoizlearen gidaritzapean, pop elektronikoa, funkya, aire latinoak eta tropikalak nahastu dituzte gernikarrek. Taldekideek azaldu dutenez, izenburuak, batetik, 80ko hamarkadan ezagun egin zen Euskal Herri Tropikala kontzeptuari egiten dio erreferentzia, eta bestetik, pandemiak zein larrialdi klimatikoak jendartean eragin duen etorkizun «distopiko ia apokaliptiko baten iragarpenari».

Publicidad

Landako Gunean diskoak sinatzen egongo den beste talde bat Zea Mays izango da, 'Adore kemena kuraia' azken lana aurkeztu berri baitute. Bilbotarrek ahozabalik utzi gintuzten Doctor Deseoren 'Corazón de tango' kantu klasikoaren birmoldaketarekin. Bertsio guztiz pertsonala egin dute. Baina hori ez da taldearen hamaikagarren lan horrek gordetzen duen altxor bakarra, izatez, Rozalén abeslariarekin batera egindako 'Ez naiz ni' kantua ere entzuten baita bertan.

Beste alde batetik, bakarlari gisa dator berriz ere Eñaut Elorrieta, 'Fantasia' (Elkar) lan berriarekin. Maitasuna du hari diskoak, Elorrietak berak jartzen du musika, eta testuetan, berriz, Uxue Alberdiren, Jose Luis Otamendiren, Itziar Ugarteren eta Iñigo Astizen lankidetza izan du.

Eta nola ez, talde ezagunen artean, hainbat talde hasiberri ere topatu ahal izango dira Landako Gunearen barnean, hala nola Liher, Merina Gris, ETS, Zetak, edo Dupla, beste hainbesteren artean. Guztien nobedadeak entzungai daude dagoeneko Durangoko Azokaren 57. edizioaren musika zerrendan, Badok atarian edo Spotify plataforman. Horrela, Azokara etorri baino lehen, musikazaleek euren talderik gustukoenen azken kantuak entzun ahalko dituzte, eta ezagutzen ez dituzten banda berriak ezagutzeko aukera ere izango dute.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad