https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Musika eta literatura

Bob Dylan, 2016. urteko Literatura Nobel Saria./
Bob Dylan, 2016. urteko Literatura Nobel Saria.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak Musika eta Literatura elkartzen direnean izeneko solasaldian parte hartzera gonbidatu nau, eta Mikel Urdangarin musikariarekin batera ariko naiz bertan astearte honetan, Eztabaidak literaturarekin XXI. mendean sailaren barruan. Moderatzaile izango den Goizalde Landabasoren eskutik galderak jaso ditut, aldez aurretik. Lehenengoak hau dio: «Zuek urte asko daramatzazue kantuan, disko zenbait kaleratuak dituzue, kantu asko egin dituzue... noiz gurutzatzen da literatura zuenean, musikara jauzia eman baino lehen ala musikak eraman zaituzte literaturara?».

«Omaigod». Horren hitz potoloak irakurtzean, hasteko, benetan niri zuzenduak ote dauden galdetzen diot neure buruari. Gero beste galdera asko sortzen dira nire burmuin birberotutik: 'Los Cinco' edota 'Las aventuras de Guillermo', -amaitzea lortu nuen lehenengo liburuak- literaturarekin izandako lehenengo topaketatzat har al daitezke? Ba al daude Vázquez Montalban, Miguel Delibes, Nick Hornby edo Arantxa Urretabizkaiaren aztarnak nolabait nire kantuetan? Eta norainoko eragina izan zuten Lou Reed, Jethro Tull, edo The Clash taldeek nigan kantuen hitzak idazterakoan?

Egia esan, noiz eman nuen «jauzia» musikara? Mojen ikastetxe hartako abesbatzan abesten hasi nintzenean? Rolling Stones eta gainerakoen ametsezko munduetan murgildu nintzenean, nire bizimodu petraletik hanka egiteko asmoz? Ala oihuka eta orroka mikro baten aurrean, egoitza ziztrin hartan Zarama taldearekin hasi nintzenean?

Bada, bizitza honetan, oro har, ez da erraza izaten marra garbiak marraztea. Izan ere, nire uste makalean, gizaki baten edozein sorkuntzaren atzean, mota askotako iturburuak izan baitaitezke: haurtzaroan izandako beldurrak eta poztasunak; bizitako esperientzia interesgarri eta asperraldi luzeak; amodio eta gorrotoarekin izandako bizipenak; Karinaren single hura, 'Mirindaren' txapak bilduta opari eman zidatena; igande goizeko zinema-emanaldiak; futbol partidak, mezak, famili ospakizunak... Horrelako bizipenak daude hor, ezkutuan, gure adierazpen guztietan, zernahi delarik ere adierazpena: marrazkia, nobela, antzezlana edo beste. Gero, noski, hor daude, era berean, tartean gure abileziak, gure talentua, eta, oro har, naturak berak berez eman diguna, onerako eta txarrerako.

Badago galdetegian, nola ez, derrigorrezko galdera bat ere: 2016. urtean Bob Dylan kantariak irabazi zuen Literatura Nobel Saria... asko kexu agertu ziren, batzuek esaten zuten ez zuela merezi, kantari bat dela eta ez idazlea... zuek idazle sentitzen zarete?

Bitxia da gero Dylanena. Garai batean «traidorea» deitzen zuten askok Monterrey hiriko jaialdian gitarra elektriko batekin agertzeagatik: «Ez da jada gutariko bat, folka alde batera utzi du rocka besarkatzeko. Bere burua saldu egin du». Orain, bai rockeroen bai literatoen esparruan nolabaiteko zalantza nagusitu da. Inork ez dio inolako meriturik kentzen, baina printzipioz, badirudi munduan zehar idazle asko daudela literatura-lan potoloak eginda, agian meritu handiagoa dutenak halako sari bat jasotzearren. Horrelako erabakietan beti dago susmo saihestezin bat: ez al dago sariari berari oihartzun berezi bat emateko intentzioa? Dena dela, Akademiak emandako arrazoia zehatza da oso: «Estatu Batuetako kantu tradizio handiaren barruan adierazpen poetiko berriak sortzeagatik». Mugak apurtzeko gaitasuna izan du berriro ere Bobek. Eta kasu honetan, berriro ere, guztion onerako izango da... susmoa dut.

Zelan sentitzen naizen? Ba orokorrean nahiko ondo, eskerrik asko.