Borrar
«Musika gizarte problematikak azaleratzeko eta bizitza duin baten alde borrokatzeko espazioa ere bada»
Ziztada & Rlantz | Musikariak

«Musika gizarte problematikak azaleratzeko eta bizitza duin baten alde borrokatzeko espazioa ere bada»

Ziztada & Rlantz taldeak 'Ipar Haizea' izeneko EPa kaleratu berri du, Iñigo 'Komadü'rekin batera

Oihane Calvo Ugarte

Viernes, 9 de mayo 2025, 00:44

Ziztada & Rlantz reggae musikako hainbat ezaugarri hartzen dituen eta euskarazko letra sozialez osatzen den taldea da, Irune (Ziztada, Bilbo) ahotsean eta Erlantz (Rlantz, Amurrio) ekoizpenean. 2017an sortua, hainbat herrialde eta jaialditan parte hartu dute; hala nola, International Dub Gathering (Castellón), Suns Festival (Údine), Hitza Hitz (Maule), Rototom Preparty (Mallorca), Dubmingo (Madril) edo EH Neska Gazteen Topaketa (Usurbil).

Nahiz eta reggae-dub estilo nagusia izan, rap, trap edo elektronika bezalako hainbat estilorekin esperimentatzen dute, erritmo melodiko eta lasaietatik abiatuz, abesti ilun eta dantzagarrietara helduz, beti ere haien funtsari eutsiz. Ibilbidean zehar hiru disko argitaratu dituzte: 'Egun hotzak' (2018), 'Azken argiak' (2020) eta 'KSMS' (2021). Tartean ere single batzuk: 'Lorearen arantzak' edo 'Zeren zain', besteak beste.

Martxoaren 14an, 'Ipar Haizea' izeneko EP berria kaleratu dute. Azken proiektu honetaz, euren ibilbide artistikoaz, musika sozialaren garrantziaz eta Iñigo 'Komadü' kide berriaz hitz egiteko aukera izan dugu Irunerekin, taldeko ahotsarekin.

- Nola sortu zen Ziztada & Rlantz proiektua?

- Ziztada & Rlantz proiektuaren hasiera guztiz naturala izan zen. Erlantz, garai haietan, Aiaraldeko Sound System kolektiboaren partaide zen, DJ lanetan aritzen baitzen. Laudioko gaztetxean maiz reggae eta drum&bass jaialdiak antolatzen zituzten, eta nire asteburuko planik onena bertara joatea izaten zen, reggae musikaz gozatzera. Aiaraldeko Sound Systemeko partaideen oniritziaz, berehala animatu nintzen mikrofonoa hartzera eta nire lehenengo letrak kantatzera. Ez zen denbora askorik igaro Erlantz eta biok elkarrekin musika egin nahi genuela konturatu ginen arte.

Horrela, Erlantzen etxean elkartzen hasi ginen, bertan estudioa zuelako. Hasieran dena azkar joan zen; esperientzia handirik izan gabe ere, 2017. urtean lehenengo singlea izango zen 'Txori bihurtu' kaleratu genuen. Handik gutxira, 2018ko urtarrilean, gure lehenengo diskoa heldu zen, 'Egun hotzak'. Disko horrek Euskal Herriko hainbat txokotan kontzertuak eskaintzeko aukera eman zigun. Izan ere, garai hartan, reggaea egiten zuten taldeak urriak ziren Euskal Herrian. Gainera, gure abestien indarrak, letren tematikak eta emakumearen presentziaren aldarrikapenak horretan asko lagundu zuen. Pixkanaka, Herri Mugimenduaren baitan antolatutako jaialdi eta festen eszenan lekua egiten hasi ginen, baita Euskal Herritik kanpo reggae musika sustatzen ari ziren taldeekin agertokia partekatzen ere.

- Nola definituko zenuke zuen musika? Aldatu al da zuen soinua hasiera horretatik hona?

- Gure musika estilo nagusia reggaea dela esan genezake. Hala ere, reggaearen azpigenero batzuen artean ibili ohi gara eta beste estilo batzuekin ere esperimentatzen dugu; hala nola, rap, trap, R&B edo elektronika. Gure bizitza, ohiturak, gustuak, inguruak, eta abar aldatzen doazen heinean, musika konposizioa ere aldatuz doaz. Etengabe aldatuz eta hobetuz. Ez dugu presiopean inoiz ezer konposatu; momentuan egin nahi duguna adieraztea eta azaleratzea izan da beti gure bidea. Hasieran, 'steppa' estiloan oinarritzen ginen, eta horren erakusgarri dira gure lehenengo bi diskoak: 'Egun hotzak' (2018) eta 'Azken argiak' (2020). Hortik aurrera, beste estilo batzuekin jolasten hasi ginen, beti ere gure esentzia galdu gabe. Gaur egun, reggaea egiten jarraitzen dugu, baina esperimentazioari gero eta leku handiagoa ematen diogu.

- Ibilbide luzea duzue euskal musikaren esparruan, eta leku ezberdinetako hainbat jaialditan aritzeko aukera izan duzue. Zein izan da zuen esperientziarik bereziena?

- Esperientzia polit asko bizi izan ditugu gaur egunera arte, baina dudarik gabe, Údineko Suns Festival-ak gure ibilbideko unerik zirraragarrienetako bat eskaini zigun. Údine, geografikoki, Italiako ipar-ekialdean dagoen hiria da. Bertan emandako bi kontzertuek ingurune horretako hainbat aspektu bereizgarri ezagutzeko aukera eman ziguten. Izan ere, Alpeen ondoan kokatzen ginen horretan, paisaiak ikusgarriak ziren, hizkuntza propioa zuten (friul) eta ez ziren Italiako gobernuarekin identifikatzen. Musika asko maite zutela adierazi ziguten, eta kontzertuez gain, asko ikasi genuen Údinetarrekin.

- Azkenaldian, eszenatoki gainean, Iñigo 'Komadü' (Suaia eta Ama Rebel, Bubblin 'Sound System) duzue lagun, saxofoi eta melodikarekin. Zer ekarri dio kide berri honek zuen musikari eta zuzeneko emanaldiei?

- Komadü gure laguna dugu aspalditik, eta reggae estiloan burutu dituen proiektuen maitale izan gara betidanik. Pasa den urtean, taldean haize instrumenturen bat sartzeko ideia bururatu zitzaigun, eta Komadüri bota genion proposamena. Ez zuen zalantzarik izan; berehala onartu zuen gure proiektuaren parte izatea, eta guretzat oso berezia izan zen taldean kide berri bat gehitzea. Garrantzitsua zen teknika, kalitatea eta musika jakintza izatea, jakina, baina erabakigarriena laguntasuna izan zen. Hemendik aurrera, gure taldearen parte da, eta oso pozik gaude hartutako erabakiarekin.

- Zuen letra askok pil-pilean dauden gai sozialak jorratzen dituzte; adibidez, 'Ikasi eta lan' abestian gazteen prekarizazioaz hitz egiten da. Nola erabakitzen duzue zein gai jorratu? Uste duzue musikari moduan ardura bat duzuela gizartean aldaketa bultzatzeko?

- Kulturak definitzen du herria, eta musika sentitzen dugu gizartea eraldatzeko gure tresna. Eszenatokira igotzen garen unean bertan, gure musika eta letrak modu zuzenean helarazten dira, eta horrek kontzienteki jokatzeko beharra eskatzen digu hasieratik. Ez dugu musika soilik 'ondo pasatzeko' edo 'gozatzeko' tresna gisa ulertzen; guretzat, gizarte problematikak azaleratzeko eta bizitza duin baten alde borrokatzeko espazioa ere bada, komunitatearen baitan.

Ideia horri helduta ekin genion gure bideari, eta filosofia berarekin jarraitzen dugu gaur egun ere. Jorratzen ditugun gaiak askotarikoak dira: gazte prekarietatea, errefuxiatuen egoera, feminismoa, herri nortasuna, euskara, osasun mentala eta, hein batean, gizarte kapitalistaren ondorio tamalgarriak. Uste dugu musika sortzen eta partekatzen duen pertsona orok baduela gizartearekiko erantzukizuna. Eszenatokira igotzeak nolabaiteko boterea ematen du, eta hori zaindu beharra dago. Gure etorkizuneko gizarte idealera iritsiko garen ziurtasunik ez badugu ere, argi daukagu bidea gure proiektu propiotik hasi behar dugula.

- Martxoaren 14an EP berria kaleratu zenuten: 'Ipar Haizea'. Zer berezitasun edo berrikuntza ekarri nahi izan duzue lan berri honekin?

'Ipar Haizea' diskoa Komadü aurkezteko helburuarekin kaleratu dugu. 4 abestiz eta dub bertsio batez osatuta, lan honek iraganeko oinaze eta gertakariak nolabait atzean uzteko beharra azpimarratzen du, gizartean aurrerapausoa emanez. Letrek bizi dugun garaiko injustiziak, beldurrak eta kontraesanak erakusten dituzte, baina, aldi berean, itxaropenerako leiho bat zabaltzen dute, elkartasunetik eta kontzientzia kritikotik abiatuta. Portadan ageri den robotak teknologiaren edo etorkizunaren ideia iradokitzen duen arren, mezu nagusia benetako aldaketa norberaren barneko erabakietan oinarritzen dela da, bereziki 'Helduko da' abestian nabarmena den moduan. Gai sozial, politiko zein pertsonalak nahasten dira, ahots indartsu batean uztartuz, entzuleari interpelazio zuzena eginez. Horrela, diskoak hausnarketarako gonbita egiten du, bide berriak jorratu eta gizarte aktiboago eta justuago bat eraiki ahal izateko.

- Non eta noiz izango dira zuen hurrengo kontzertuak? Baduzue aurkezpen berezirik prestatuta EP berriaren harira?

- Oraindik kontzertuak ixten gauden horretan, ez dugu datarik plazaratuko. Hala ere, 2025eko uda honetan, gure EP berria aurkezteko asmoa daukagu Euskal Herriko probintzia gehienetan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Musika gizarte problematikak azaleratzeko eta bizitza duin baten alde borrokatzeko espazioa ere bada»