https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Musika eraberrituta dator aurten

Benito Lertxundik 'Ospakizun gauean' lana aurkeztuko du./
Benito Lertxundik 'Ospakizun gauean' lana aurkeztuko du.

NAHIKARI CAYADO

Euskal folklorea, rock-a, musika klasikoa, pop musika, ska, jazz… 53.edizio honek ez du inongo generorik baztertzen eta aurtengo leloak 'DA Asko gara' esaten duenarekin bat, musikarekiko eskaintza inoiz baino anitzagoa da aurten.

Eskaintza anitza, talde ezagunak, berriak eta estilo nahasketa honetaz gain, euskal musikaren sorkuntza eta kulturgintzan erreferenteak diren artista handien presentzia ere egongo da Durangoko Azokan. Benito Lertxundik 'Ospakizun gauean' lana aurkeztuko du. Bertan, sena azaleratu dadin desikastearen beharra edo mendaratutako herriaren espiritu askatzaileari deia egiten dio. Ruper Ordorikak aldiz, 'Bakarka' lana plazaratuko du. Gitarra lagun duela, bere ibilbidearen bidaide izan dituen hamabi kanturen moldaketak bildu ditu disko honetan.

93 nobedadeen artean ere badago tokia beste hainbat artista euskaldunentzat, esaterako Gatibuk 'Azken indioak' lan berria plazaratuko du azokan, Su Ta Gar talde eibartarrak 'Maitasunari pasioa', Esne Beltzak 'Ni' diskoa emango du ezagutzera Azokan eta Hesian taldeak 'Hasiera' disko berria eramango du durangora. Hala nola, Nogen hirukote folk pop donostiarra ere bertaratuko da bere lana ezagunaraztera.

Beste alde batetik, musikigintzan ibilbide luzea duten artistek elkarlanean eginiko proiektu berriak aurkezteko aukera izango dute ere Azokan. Hezur Beltzak taldearen kasua da hori. Jon Maia bertsolariaren ahotsak, Gorka Hermosa akordeoijoleak eta Jesus Prieto Celtas Cortos eta Los Secretos taldeetan aritu den artistak 'ELE, Lauaxeta-Lorca' lana kaleratu dute. Musikak urtero-urtero Azokan egiten dituen aurrerapausoan seinale da ere disketxeen stand-en gorakada nabaria. Adibidez, Belarri, DeepSoda, Bidean Produkzioak edota Pott Produkzioak izango dute beraien tokia kulturaren plaza zabal honetan aurten lehenengo aldiz.

Azken urteotan bezala, Landakon eta gainontzeko guneetako ateak itxi ostean, azokazaleek kulturaz eta giroaz gozatzeko aukera izango dute Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Aurten gainera izen handiko bost kontzertu dakartza. Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador ibiliko dira oholtzaren gainean gauero. Horrez gain, aurten berritasun bezala, egunero eguerdietan Azoka Telebistarekin elkarlanean, Hautsi Bolumena musika saioa izango dute, eta bertan artisten elkarrizketak, zuzenekoak eta bideoklipak eskainiko dira.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos