https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mungiako Sukalkia, herri nortasuna sortzen duen ekitaldia

Mungiako Sukalkia, herri nortasuna sortzen duen ekitaldia
Unai Sarriugarte

Aurtengo edizioan 212 kazuelak hartu dute parte

UNAI SARRIUGARTE

Aurten berriro ere mungiarrek jaietako egitaraua behar den bezala ixteko plater nagusia azken egunerako utzi zuten, Sukalki Egunerako hain zuzen ere. Mungiak ekitaldi gastronomiko honen 53. edizioa ospatu zuen igandean udalerriko Uriguen parkean. Urterolez Bizkaiko kuadrilla ezberdinak bertan bildu ziren Mungialdean hain famatua den gisatu hau sukaldatzeko helburuarekin. Mungiako Rugby Taldea, Torpedo Gorria, izan zen ekitaldia antolatzen arduraduna.

53. edizio honetan 212 kazuelak hartu zuten parte. Aurten iaz baino 30 kazuela gutxiagok hartu zuten esku. Normalean 200 eta 300 kazuela artean ibili ohi da txapelketa. Edonola ere, partaidetza ikaragarria jasotzen du urtero mungiarrentzat hain berezia den tradizio gastronomiko honek.

Mungiarrak goiz esnatu ziren, bostak edota seiak aldera Uriguen parkeko tokirik onena hartzeko xedearekin. Hauetako batzuk lo egin gabe aurreratu ziren, izan ere, ez zuten larunbateko eta ostiraleko ajea errekuperatzeko astirik ere izan.

Josu Legarreta mungiarra urtero hurbiltzen da bere kuadrillarekin bertara eurentzat hain berezia den egun honetan parte-hartzera. Legarretak zioenez sukalki eguna mungiar batentzat urteko egunik politena da, herri nortasuna sortzen duen ekitaldi garrantzitsuena.

Gisatuen izen-emateak hamarretan hasi eta 11:30etan itxi egin ziren. Goizak aurrera egin ahala kuadrilla ezberdinak gisatuei azkenengo ukituak ematen hasi ziren. Kazuelak 13:00etatik 14:00etara bitartera aurkeztu behar izan zituzten. Hortik aurrera epaimahaiak hartu zuen lekukoa. Eurek gisatuaren zaporea, puntua eta presentazioa balioztatu zuten. Lehendabizikoa zerotik hamarrera balioztatzen da. Beste biak, berriz zerotik hamabostera.

Presentazioak bertan garrantzi ikaragarria dauka. Patata biribil moztea oso garrantzitsua da horretarako. Edonola ere, okela puntuan egotea eta saltsak gustu hona edukitzea oso garrantzitsua da. Arratsaldeko bostetan iragarri zituzten aurtengo irabazleak. Mungiako Ehiza eta Arrantza Txokoa izan zen irabazle, bigarren postuan, Bakioko Lau Haizetara kuadrilla eta hirugarren, Mungiako Betiko Koadrille. Lehenengo biak 35,60 puntu jaso izan zituzten eta hirugarrenak, 34,60.

Makilaren Kofradia izeneko erakunde gastronomikoak egin zuen Sukalki Egunaren epaimahai lana. Erakunde honek Mungiako Sukalki Egunean parte-hartzeaz gaindi, urtero Meñakako eta Bermeoko Sukalki Egunean esku hartu ohi du epaimahai gisa.

Makilaren kofradiako kideek ziotenez euskal lurraldean ditugun tradizio lokalak babestu behar ditugu, hauek baitira gure altxorrik preziatuena. Euren esanetan: «ahal duten txapelketa gastronomiko gehienetan parte-hartzen saiatzen gara, antolatzaile edota epaimahai gisa gure harea pikorra eskainiz«.

Behin bapo bapo ipini ondoren, arratsaldeko seiretan Mungiako Gure Aetsa Txistulari Taldea, Roberto eta Idoia eta Txikuri Fanfarria egon ziren egunaren girotzen lanetan. Gainera, arratsaldeko zortzietan Lorratz Erromeria Taldeak kontzertua eskaini izan zuen Foruen Plazan. Mungiako San Pedro Jaiak zapien erretzearekin eta Marijataren agurrarekin amaitu ziren hamabiak aldera.

Temas

Euskera