https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mungiako Sukalki Egunaz gozatu nahi? 53. edizioa heltzear dago

Mungiako Sukalki Egunaz gozatu nahi? 53. edizioa heltzear dago

Udalerriko Uriguen parkea izango da uztailaren 7an ospatuko den sukaldaritza lehiaketaren kokalekua

UNAI SARRIUGARTE

Mungiako Uriguen parkean haragia eta patatak izango dira protagonistak uztailaren 7an ospatuko den Mungiako Sukalki Egunean. 53. edizioa ospatuko da egun horretan, izan ere, 1964. urtean ospatu zuten Mungialdean bereziki prestatzen den gisatu honen lehendabiziko lehiaketa. Egun, udako sukaldaritza txapelketa garrantzitsuenetakoa da Bizkaia mailan.

Aurten berriro ere Mungiako Rugby taldeak antolatu du txapelketa. Egunaren girotze lanetan Mungiako Gure Aetsa Txistulari Taldea, Roberto eta Idoia eta Txikuri Fanfarria egongo dira. Ondoren, arratsaldeko zortzietan Lorratz Erromeria Taldeak kontzertua eskainiko du Foruen Plazan. Mungiako San Pedro Jaiak zapien erretzearekin eta Marijataren agurrarekin amaituko dira.

Gisatuen izen-ematea hamarretan hasi eta 11:30etan itxiko da. Lapikoen aurkezpena, berriz, 13:00etatik 14:00etara bitartean izango da eta sari banaketa arratsaldeko 17:30etan. Epaimahaiak gisatuaren zaporea, puntua eta platerren aurkezpena balioztatuko du.

Mungitar kuadrilla asko hurbiltzen da urtero bertara egun eder bat pasatzeko helburuarekin, elastiko edota alkandora zuri eta praka urdinekin jantzita. Gehienak goiz jaiki ohi dira, bostak edota seiak aldera Uriguen parkeko tokirik onena hartzeko xedearekin.

Sukalkiaren osagarri nagusiak honako hauexek dira: behi haragia, patatak, piperrak, azenarioak, ilarrak, tomateak, baratxuriak, oliba olioa, gatza eta ardo zuria. Gainera, gisatu berezi hau prestatzeko parte-hartzaileek nahi duten salda erabili ahalko dute.

Beraz, gisatu onenez gozatu nahi baduzu, ez ezazu pentsa eta hurbildu zaitez uztailaren 7an Mungiako Sukalki Egunaz gozatzera!!