https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Munduko migratzaileen igarobide hilgarriena erakusten duen dokumentala, Galdakaon

Istripu bat pairatu zuen patera bat, kostaldean./Efe
Istripu bat pairatu zuen patera bat, kostaldean. / Efe

'Zuk, han edo hemen' lanaren proiekzioa antolatu dute bihar Galdakaoko Gandasegiko balio anitzeko gelan. Hortaz aparte, hitzaldia eta solasaldia izango dira Mediterraneoan dauden pertsonei laguntza eskaintzeko helburuarekin

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Maydayterraneo erakundearen Aita Mari proiektuari laguntza ematea da helburua; hots, Mediterraneoan dauden pertsonei laguntza eskaintzea. Horretarako, ekintza solidario gisa, 'Zuk, han edo hemen' dokumentalaren proiekzioa, hitzaldia eta ondoren solasaldia antolatu dute bihar Galdakaoko Gandasegiko balio anitzeko gelan. Sarrera librea izango da aforoa bete arte.

Ekimenaren antolatzaileek azpimarratu dutenez, azken hiru urteetan, Europara heltzeko ahaleginean, 2000 pertsonatik gora hil dira itota Mediterraneoan. Pertsona hauek gosetik, jazarpenetik eta gerratik ihesean zetozela, bidean, munduko migratzaileen igarobide hilgarrienari aurre egin behar izan zioten eta askok bizitza galdu zuten bidean. Gauzak horrela, interesdunek jakin beharko dute 'Zuk, han edo hemen' dokumentala haraino joan dela bidaia arriskutsu hori ezagutzeko, iaz 116.273 pertsonak egin zutena. Ikusleak, beraz, gomazko txalupa batean noraezean eta lehorretik 24 miliatara (44 kilometro) zeuden 315 pertsonen erreskatearen lekuko izango dira.

Dokumentala 2017ko irailean grabatu zen, momentu horretan Salvamento Maritimo Humanitario ONG zarauztarrak gidatzen zuen Lifeline itsasontzitik. Osasun eta erreskate proiektu hau herri gipuzkoarrean sortu zen, Greziako Quios irlan, 2015ean ematen ziren lehorreratzeetan laguntza emateko. Ordutik hona, asistentzia pribatuko klinika bat kudeatzen du bertako errefuxiatu-esparru batean. Eta, 2017ko udatik aurrera, Maydayterraneo-Aita Mari proiektua jarri zuen martxan, Mediterraneo Erdian giza-eskubideak defendatzeko eta itsasoan galdutakoak bilatu eta erreskatatzeko.

Arazoak Espainiako Gobernuarekin

Salvamento Maritimo Humanitario ONG-ak ontzi bat dauka, Aita Mari, Libia eta Italia arteko migrazio-bidean laguntza emateko helburuarekin itsasoratzeko prest dagoena. Elkartetik salatu dutenaren arabera, «Espainiako Gobernuak hilabete bat darama jarduera hori oztopatzen, baita Open Arms itsasontziarena ere, itsasoko nazioarteko legea eta erreskate-protokoloak intentzionalitate politikoz beteta interpretatuz». Horiek horrela, ONG-ak errekurtsoa aurkeztu du erabaki horren aurka. Eta bien bitartean, Aita Mari itxaroten dago amarratuta Bilboko Ibaiaren Museoko kaian, bertan bisitatu daitekelarik.

«Salvamento Maritimo Humanitariotik Galdakaoko udalari eskerrak eman nahi dizkiogu herriko ateak zabaltzearren eta dokumental hau ematen eta Mediterraneoko migratzaileen egoeraz hitz egiten uzten digulako», azaldu dute. Interesdunek, beraz, esperientzia ezatsegin honetara hurbiltzeko aukera izango dute ostiralean.