https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Munduko merkataritza hitzarmenik handiena itxi dute Afrikan

Munduko merkataritza hitzarmenik handiena itxi dute Afrikan

Kontinenteko 55 herrialdeetatik 52k sinatu dute AfCFTA merkataritza batasunerako ituna

UNAI SARRIUGARTE

Munduko merkataritza hitzarmenik handiena itxi dute Afrikan. Atzo indarrean sartu zen merkataritza batasunerako ituna Afrikako 55 herrialdeetatik 52k sinatu eta 23k berretsi dute. Nigeria, Benin eta Eritrea geratu dira akordiotik kanpo. ABren agendak epe luzera hiru herrialde hauek hitzarmenera batuko direla aurreikusten du.

Afrikak urrats handiak ditu emateko oraindik materia honen inguruan. Izan ere, iaz AfCFTA ituna sinatu zuten 52 herrialdeetatik oraingoz 23k baino ez ez dute berretsi. Munduko merkaturik handiena izatera deitua dago: 1.200 milioi herritar izango ditu, 3 bilioi euroko Barne Produktu Gordina izatera iritsiz.

Merkataritza itun honek Afrikan ondasunen eta zerbitzuen merkatu batasuna sortzea izango du helburu. Era berean, aduana batasun bat sortuz. Aduana batasun honen bitartez, zirkulazio librea izango dute kapitalek eta herritarrek herrialde sinatzaileen artean.

ABko kideek 2012an jarri zuten abian merkatu batasunaren proiektua. Hiru urte eta zortzi negoziazio erronda behar izan dira merkatu bakarra martxan ikusteko. Pasa den urtean Kigalin (Ruanda) sinatutako hitzarmena indarrean sartzeko baldintzak honelaxe zioen: 52 estatuetatik gutxienez 22k proiektua berrestea.

Aipatu dugunez atzo, maiatzak 30, sartu zen indarrean akordioa etauztailaren 7an ituna berretsi duten herrialdeetako gobernuburu eta estatuburuek goi bilera bat egingo dute. Ituna indarrean jarri eta geroko lehenengo bilera.

Hitzarmen onek hainbat onura ekarriko ditu kontinentean: batetik, merkatu batasunarekin herrialdeek muga zergak ezabatuko dituzte euren arteko salerosketetarako produktuen %90entzat; bestetik, egitasmoak eskala handiko inbertsioak erakarriko ditu, eta bertako ekonomien produktibitatea handituko du.

ABk merkatu batasuna sortu du beharrizan handia ikusten duelako Afrikako barneko merkataritza sustatzeko. Kontinenteko herrialdeen arteko merkataritza Afrikaren merkataritza fluxuen %18 baino ez da. Kopuru oso ahula beste kontinente batzuetako barne merkataritzaren fluxuekin alderatuz gero: Asian, %59koa da, Europan, berriz, %69koa. Itunari esker, Afrikako barne merkataritza %52 handitzea aurreikusten du ABk 2022rako.