https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Washington, Lima, Sindey... Munduko 28 hiritan ospatuko da 21. Korrika

Korrika Sidneyra helduko da beste behin ere./Korrika
Korrika Sidneyra helduko da beste behin ere. / Korrika

Europan 15 hiritan eta Hego eta Ipar Amerikan 11tan izango dira ekimenak, bai eta Asian eta Ozeanian ere

EL CORREO

Korrikaren 21. edizioa ostegun honetan abiatu da Garestik (Nafarroa), eta hurrengo hamar egunetan Euskal Herri osoko errepideak zeharkatuko ditu, lekukoa Gasteizera iritsi arte. Gainera, beste behin ere, Korrikaren mezua mundu osora zabalduko da, «mundu osoan barrena baitaude euskararen alde 'Klika' egin duten euskaltzaleak», jakinarazi du Etxepare Euskal Institutuak.

Gauzak horrela, ez du batere harritzen jakiteak munduko 28 hiritan egingo dela 21. Korrikarekin loturiko ekitaldiren ba. Horietako batzuk jada burutu dira. Europan 15 hiritan eta Hego eta Ipar Amerikan 11tan izango dira ekimenak, bai eta Asian eta Ozeanian ere, Shanghain eta Sydneyn ere antolatu baitituzte ekintzak bertako Euskal Etxeek.

Euren hirian Korrika antolatzeko ardura hartu duten taldeen jatorriak bi dira nagusiki: Euskal Etxeak eta unibertsitateak. Munduan zehar dauden Euskal Etxeek 16 Korrika antolatu dituzte. Etxepare Euskal Institutuak harreman estua du haiekin, Euskal Etxeetan euskara irakatsi dadin sustatzen baitu, bai Euskara Munduan programaren bidez, bai material didaktikoa bidaliz.

Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan, berriz, sei Korrika antolatu dira, eta beste sei kasutan bi eragile hauen eta bertako euskal komunitatearen arteko elkarlanaren emaitza dira antolatutako ekimenak.

Egun bakarreko ekintzak

Atzerriko herrialde batzuetan dagoeneko ospatu dira Korrikaren inguruko festak, martxoan zehar ere izan baitira. Dena den, ia guztiak, atzotik hilaren 14ra bitartean egingo diren egun bakarreko ekintzak dira. Jai hauetako bakoitzak egitarau propioa du, baina gehientsuenek lasterketa, manifestuaren irakurketa, euskal kulturaren adierazpen ezberdinak (musika, dantza, jolasak) eta jan-edanak izango dituzte euskararen aldarriari euren babesa emateko.

Modu honetan, hurrengo tokitan ospatuko da: Amerikan, Boise, Washington eta New Yorken (AEB), Buenos Aires, La Plata eta Necochean (Argentina), Montrealen (Kanada), Mexiko Hiria, Santiago eta Viña del Marren (Txile), eta Liman (Peru) izango dira ekintzak; Asian Shanghain eta Ozeanian Sydneyn, eta Europan, Paris eta Bordelen (Frantzia), Bruselan (Belgika), Varsovia eta Poznanen (Polonia), Berlin eta Leipzigen (Alemania), Madril, Valentzia eta Manacorren (Espainia), Bartzelonan (Katalunia), Londres eta Liverpoolen (Erresuma Batua), Corken (Irlanda) eta Helsinkin (Finlandia).

Etxepare Euskal Institutuaren helburua euskara eta euskal kultura mundu osoan zehar zabaltzea da, eta horixe bera da Korrikarekin duen elkarlanaren xedea: nazioartean euskararen inguruko mezua zabaldu eta indartzea.