https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mundua salbatuko duen inurri-brigada, prest

Inurri4k, New York misioa liburuaren azala./Tebeosfera
Inurri4k, New York misioa liburuaren azala. / Tebeosfera

Pere Tobaruelaren 'Inurri4k' liburu bilduma euskaraz argitaratzen hasi da Elkar etxea

AMALIA IBARGUTXI

'Inurri4k' liburu-bildumako lehen bi aleak plazaratu ditu Elkar argitaletxeak, mundua salbatu behar duen inurri-brigada bereziren ingurukoa. Pere Tobaruelak sortutako ipuinak hamar-hamabi urteko haurrentzako modukoak dira. Bertan, mundu zabaleko auzirik gaitzenak ikertu eta argituko dituzte inurri harrigarriok. Argitaletxeak adierazi duenez, dibertsioa, komikia, geografia eta historia egoki nahastuta agertzen dira istoriotan.

Inurpanpox, Inurrindar, Inurmalgu eta Inurmail dira Inurriak brigada bereziko lau kideak. Izenek iradokitzen duten bezala, nork bere gaitasuna dauka: malgutasuna, kemena, azkartasuna, hegan egitea. Edonola ere, misterio ilun eta nahasienak non, han izango da brigada. Munduan barrena ibiliko dira hara eta hona haien dohainez auzirik harrigarrienei argia ekarri nahian.

Oraingoz bi liburu plazaratu ditu Elkar etxeak: 'Paris misioa' eta 'New York misioa', baina idazle honek dagoeneko burutu ditu beste bi, bata Bartzelonan kokatua, bestea Tokion. Lehenengo bi liburuotan New York eta Paris bisitatuko dituzte. Etxe-orratzen hirian misterio sinesgaitzari egin beharko diote aurre, Askatasunaren estatuak bere lekutik alde egin du eta. Parisen, ostera, gorpurik gabeko krimena argitu beharko dute hilerri beldurgarri batetik abiatuta.

Katalunian jaioa da Pere Tobaruela (Bartzelona, 1965) eta katalanezkoak izan ziren bere lehen liburuak, haur literaturaren arlokoak nahiz helduentzako saiakera lanak eta biografiak. A Coruñako Rois herrira bizitzera joan zenetik, ordea, galegoz zein gaztelaniaz ere egin ditu liburuak.

Liburu sorta hau Juan Luis Zabalak euskaratuta dator. Sortu galizieraz sortu zuen Pere Tobaruela idazleak eta haren testuei osagarri egokia eman zioten Andres Meixideren marrazkiek. Testuak eta irudiak bateratzean, irakurleek historiako eta geografiako pasarte gogoangarrietan barrena ibilik ahalko dute, disfrutatuz eta, gainera, konturatu gabe, ikasiz.

 

Fotos

Vídeos