https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mundakako konde batek hartutako mozkorraren ondorio dira Aratusteetako jantziak

Gizon bat, Aratusteetako jantzi bat janzten./Efe
Gizon bat, Aratusteetako jantzi bat janzten. / Efe

Atorrek eta Lamiek dantzan eta abesten kaleak alaituko dituzten egun honetan, jaiaren jatorria zein den aztertuko dugu

IZASKUN MOYANO

Otsailak 11 dugu gaur eta Mundakatik ibiltzeko asmoa izanez gero, ez zaitezte beldurtu bertako bizilagunek soinean eramango dituzten jantzi eta gogo biziz kantatuko dituzten abestiekin. Aratuste eguna ospatzen dute udalerrian, eta jatorria argi ez badago ere, abestiak esan bezala, 'mundakarrentzat egun hobarik ez' da. Goizez Atorrak eta arratsaldez Lamiak izango dira kalerik kale dantzan eta irrintzika ibiliko direnak.

Denboran atzera eginda, 1841. urteko dokumentu batean argi irakur daiteke garai hartan alkate zen Eusebio Uribek Bizkaiko Buru politikoari jaia ospatzeko eskatu zion baimena. Izan ere, ospakizuna debekatu egin zuten Gerra Zibil eta Diktadura garai gogor hartan. Baina, Fenix hegaztia bezala, bere errautsetatik birsortu eta indar handia hartu zuen hurrengo urteetan.

Goizean, Atorrak dira kalera ateratzen direnak. Herriko gizonak zuriz jantzita joaten dira, azpiko gona, brusa eta zapi gorria estaltzeko, burkoaren oihala burutik zintzilik daramate. Kondairak adierazten duen bezala, mozorroaren jatorria Anton Erreka kondeak hartu zuen mozkorraren ondorio da. Egun batean, etxera edanda heldu zen, eta emaztearen errietatik ihes egiteko azpiko gona jantzita alde egin zuen etxetik. Bizilagunek bera ikusi bezain pronto, kondea imitatu eta festa bat ospatu zuten.

Atorrak, traje beltz dotorea daraman zuzendariaren aginduak jarraituta, hamaikatxo abesti kantatzen dituzte kaleetan zehar, gitarra, soinu, pandero eta tankerako instrumentuekin batera. Gizonezko hauen ohitura bihurrenetakoa balkoietatik igo eta emakumeek sukaldean utzitako tostadak lapurtzea zen. Izan ere, jaki goxo hauek Aratusteetan prestatzen diren postre tipikoa dira.

«La la la la… Lamiak gara!»

Arratsaldean ordea, Lamien txanda da. Herriko emakumeak euskal mitologiako pertsonaia eder bezain arriskutsuez mozorrotzen dira. Kondairaren arabera, ahateen oinak edota arrainen isatsa dituzten izakiak kobatan bizi ohi ziren. Urrezko orraziarekin ile luzea atontzen zuten bitartean, kantu goxoez baliatuz inguruko arrantzaleak erakarri eta itsutu egiten zituzten.

Mundakan ordea, ahotsa, kaleak kantuz betetzeko erabiltzen dute. Soineko beltz luzea daramate soinean eta ileorde zuri gainean koloredun zapia. Gerrian kaskabiloak daramatzate zintzilik, eta aurpegia zuri-beltzean margotzen dute. Hauek ere, Atorran bezala, instrumentu ezberdinen laguntzaz abesten dituzte kanta herrikoiak. Aipatu beharra dago, ohitura hau Atorrena baino gazteagoa dela. Duela urte batzuk emakume talde batek beraiek ere festan parte hartu nahi zutela adierazi zuten. Aldarrikapen horretatik, hain zuzen ere, sortu zuten Lamien ohitura. 1999. urtean Mundakako apaiza den Javier Olabek idatzi zuen Lamien ereserkia.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos