https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mundaka, surfaren eta kostaldeko turismoaren eredu ezinhobea

Mundakako udalerria./Fotolia
Mundakako udalerria. / Fotolia

Busturialdeko elizateak surfa, itsasoko merkataritza eta turismoa uztartzen ditu

UNAI SARRIUGARTE

Mundakak aurkezten duen orografia, haizea eta olatu zehatz eta iraunkorrek, surfa egiteko munduko lekurik onenetako batean bihurtu dute udalerria. Horrek, munduko ezker olatu onenetako bat sortzea ekarri du eta, jakina denez, olatu famatu horrek mundu osoko surflari ugari erakartzen ditu urtero gure kostaldera.

Olatu famatu hori Mundakako barran jaio eta Laidako hondartzan hiltzen da; uhinak 3-4 metroko altuera har dezake eta 400 metroko ibilbidea izatera heldu daiteke. Hori dela bide, Mundakako uretan nazioarteko surf lehiaketa ospetsu bat baino gehiago egin izan da, urtero ospatzen den 'Mundaka Billabong PRO' jaialdia esaterako.

Mundakako elizatea Busturialdeko eskualdean eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barnean kokatua dagoen udalerria da, eta, bitxitasun moduan, jakin ezazue 'Munda Aqua' hitzek 'ur garbia' esan nahi dutela latinez. Matxitxako lurmuturretik atzera egiten du itsasertzak eta Kantauri itsasoan gol­ko bat eratzen da. Gol­ko horretan dago udalerria eta bokalea han itsasoratzen da. Padura zabalak daude bertako itsasadarrean, flora eta fauna aberatsa aurkeztuz.

Beste kondaira batek dio Bizkaiko lehen jauna, Jaun Zuria, bertan jaio omen zela. Bigarren istorio horren arabera, herriaren izena Danimarkatik dator. Izan ere, Daniar zaharrean herriaren izenak ibaiaren isurialdea adierazi nahi zuen. Bestalde, frogatuta dago bikingoak elizatean egon zirela 900. urte inguruan. Hortaz aparte, Jaurerriko historiaren arabera, Bizkaiko elizate zaharrena dugu. Hori dela eta, lehenbizikoa izatea egokitzen zitzaion Batzar Nagusietan.

Aritz Aranburu suflaria, Mundakako ezker olatuaz gozatzen.
Aritz Aranburu suflaria, Mundakako ezker olatuaz gozatzen.

Ekialde Urruna, Mexiko eta Britainia Handiarekin harremanak

Udalerrian aspalditik arrantzan eta itsasoko merkataritzan dihardute gehienbat. Bertan, arrantzaleen kofradia bat egon ohi zen. XIX mendearen bukaeratik eta XX mendearen hasieratik, itsasgizonek, nagusiki, egindako diruarekin elizatea erabat berritu zuten. Berehala itsasoko eta nekazaritzako lanekin batera beste irabazi iturri bat sortuko zen, turismoa, alegia.

Itsasgizonek udalerriaren historia markatzen dute. Hori dela bide, Mundakak Ekialde Urruna, Mexiko eta Britainia Handiarekin harremanak izan ditu. Gainera, bertan, hainbat marinel ospetsu jaio izan dira. Rodrigo de Portuondo eta bere seme Domingo (XV mendea) esaterako.

Herriak betidanik euskal kultur eta nortasun nabarmena izan badu ere, egun ezaugarri kosmopolitak erraz nabaritzen dira bertako kai eta kale estu eta irregularretan. Portutik parte zaharra osatzen duten kaleak abiatzen dira. Duela mende batzuk eraikitako armarridun etxeak, berriz, arrantzaleen ohiko etxeekin nahasten dira.

Beraz, soberan dago esatea Mundaka udalerri magikoa dela bai surfa, turismoa, edota hondartzan eguzkia hartzeko aprobetzatzen dutenentzako. Eta, noski, gastronomia ezinhobeaz gozatzeko ere bai. Ez ezazue pentsa eta hurbildu zaitezte.

Temas

Euskera