Mugikorrak baino lehen
Aspaldi xamarrean kontatu zidaten honako istorioa hau Galizian. Bazihoazen erromatar legioak Finisterrera, munduaren akabera non zegoen egiaztatzera. Handik aurrera ez omen zegoen ezer, ez bada itsasoa, han bukatzen omen zen lurra. Bada, bide horretan, legionarioek ibai bat aurkitu zuten. Galizian, ez Brasilen, eta Galizian ez dago Amazonasik. Ibai bat.
Heldu omen ziren gizon haiek ibai haren ertzera, eta norbaitek esan omen zuen ezin zutela ibaia gurutzatu, ibai hura Ahanzturaren ibaia zelako eta ur haiek zeharkatzerakoan legionario guztiek galduko zutelako memoria, ez zuten jakingo nondik zetozen, nora zihoazen, ezta nortzuk ziren ere. Ahanztura huts bilakatuko ziren. Eta zurrumurrua zabaldu egin zen azken gizonarenganaino.
Gerrari haiek milaka kilometro eginak zituzten oinez, tarteka borrokatzen. Pertsona zailduak ziren, eskarmentu handikoak. Eta ez zuten ahanztura bilakatu nahi. Planto egin zuten eta gobernatzen zituen gizonaren hitzek ez zuten jarrera hori aldatu. Ezetz eta ezetz. Orduan, legioaren buruak ideia bat izan zuen: zeharkatu zuen ibaia, heldu zen beste ertzera eta handik hasi zen legionarioei deitzen, izen-abizenez, banan-banan.
Ez zen hura Ahanzturaren ibaia eta, beraz, jarrai zitezkeen lurraren bukaeraren bila. Gaur ez dugu pentsatzen munduaren akabera Galizian dagoenik eta, salbuespenak salbuespen, gehienok dakigu mundua borobila dela, itsasoa ez dela, puntu batean, amildegi batean erortzen.
Gaur, lurraren bukaera gure sakelako telefonoaren estaldura bukatzen den puntu zehatzean dago. Handik aurrera, antzinako mapetan esaten zen bezala, 'hic sunt dracones', hemen herensugeak, hemen bukatzen da zibilizazioa. Haur eta gaztetxoek ezik, guztiok dakigu telefono mugikorraren aurretik ere bazegoela mundu bat, baina ahaztu egin zaigu, Ahanzturaren ibaia gurutzatu izan bagenu bezala.