https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mugikor bidezko hedabide-kontsumoak galdutako kontsumo mailaren berreskuratzea ekarri du

Sakeleko telefonoa./Fotolia
Sakeleko telefonoa. / Fotolia

2020rako, %30a izatera helduko da sakelekoen bidezko hedabideen kontsumoa. Azken zazpi urteetan %45 eta %56ko kontsumo-galera izan dute egunkari eta aldizkariek, baina hala ere, komunikabide «askoren kasuan, galdutako arreta-denbora baxuagoa da irabazitakoa baino»

AMALIA IBARGUTXI

Albiste honetara zenbat lagun heldu dira ordenagailuan elcorreo.com bilatuta? Zenbat mugikor bidez? Edo aplikazioren batetik albistera zuzenean salto eginda? Duela ez hainbeste, 2011. urtean, hedabideen kontsumoaren %5 egiten zen sakeleko telefonoak baliatuta. Zazpi urteren ostean, %24 ingurukoa da mugikor bidezko prentsa, telebista eta zinema kontsumoa. 2020rako, kontsumoaren %30a izatera helduko da.

Zenit izeneko marketin digitaleko konpainiak argitaratutako datuen arabera, euskarri digitalen kontsumoak goranzko joera mantenduko du datozen urteetan, euskarri tradizionalen kalterako. Nazioarteko joera hori kalkulatu ahal izateko 63 herrialdetako datuak baliatu dituzte, eta ondorioztatu dute, mugikor bidezko kontsumoak, plataforma tradizionalek galdutakoa baino gehiago irabazi dutela kontsumoari dagokionez. «Askoren kasuan, galdutako arreta-denbora baxuagoa da irabazitakoa baino», azaldu dute.

Euskarri kaltetuenak egunkari eta aldizkariak izan dira, %45 eta %56ko kontsumo-galerarekin, hurrenez hurren. Telebista ikusten igarotzen dugun denbora %3 baino ez da murriztu, Zeniten arabera. Irratia, %8. Azken hauek Youtube eta Spotify dituzte etsai nagusi.

Etenik gabe gaurkotasunera lotuta egoteko aukera sortu du internetek, eta hori da, txosten honen arabera, garrantzizkoena. «Ikaragarri» merezi omen die kontsumo aldaketa horrek hainbat komunikabideri. Plataformak eta kontsumitzaile profilak ugaritzen doaz, baina denek daukate komunean sarean igarotako denbora kopuru handia. Egunkari bat irakurtzen edo irratia entzuten pertsona batek igarotzen zuen baino denbora gehiago ematen ditugu interneten. Kalkulatu dutenez, eguneko 479 minutu igaroko ditugu komunikabideak kontsumituz aurten, 2011n baino %12 gehiago. 2020an, eguneko 492ra igoko da zifra hori.

«Orokorrean, hedabide guztiak ari dira kontsumitzaileak galtzen mugikorren mesedetan», adierazi du Vittorio Bonori Zeniteko presidenteak, baina «komunikabideen arteko desberdintasunak, bestalde, gero eta garrantzi txikiagoa daukate», gehitu du. «Hedabideek kontsumitzaileekin daukaten harremana errepasatzera behartzen ari da kontsumo ohituren aldaketa».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos