https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

GDKO Irratia, FM sintoniara itultzeko prozesuan

GDKO Irratia, FM sintoniara itultzeko prozesuan

Mozoilo Irratia 30 urte luzez egon zen programak FM sintonian igortzen. 2007 urtean zoritxarrez irratia desagerrarazi, eta 2017ko abenduan GDKO Irratia izenarekin buetatu zen

UNAI SARRIUGARTE

Azken hilabeteotan FM sintoniara itzultzeko lanean buru belarri dabil GDKOko Irratia. Hori dela bide, azken egunotan 'crowfunding' mikro-mezenasgo kanpaina bat jarri dute abian, FM sintoniara itzultzeak dakarren kostu ekonomikoei aurre egiteko asmoz. Dagoeneko, 4.070 euro lortu dituzte eta 25.000 euro inguru lortzea bilatzen dabiltza. Izan ere, FM lizentzia berreskuratzeak 20.000 euroko kostua dauka.

Mozoilo Irratia 1976. urtean hasi zen FM sintonian berriak igortzen. Pedro Mari Loroño galdakoztarra izan zen aitzindari irrati katearen ibilbidearen lehenengo urteetan. Lehenengo programak 105.7 FM sintonian igorri ziren Galdakaoko Juan Bautista Uriarte kalearen 53 zenbakian zegoen irrati eta telebistak konpontzeko tailer batetik.

Pedro Mari berri emaile lanetan 2007. urtea arte egon zen. Urte hartan Mozoilo Irratia Elkarteko kide aktiboenetako batzuk proiektutik aldentzen hasi ziren, familiarteko zaintza eta zenbait lan konpromiso zirela medio.

2008. urtean zoritxarrez berriak igortzeari utzi zion GDKOko irratiak. Lehen 30 urteotan irrati autogestionatu bat izan zen. Herriko jendeak, batez ere, gazteek autogestionatutako proiektua.

Lokal berri baten bila

Mozoilo Irratia Kultur Elkartea, berriz, 1986. urtean sortu zen. Eusko Jaurlaritzan urte bat geroago, hau da, 1987. urtean eman zuen izena. Irrati hau Bizkaia mailan herri irrati zaharrena da. 90. hamarkada oso garrantzitsua izan zen proiektu honetako partaideentzat, izan ere, Galdakaoko herri guztia egon zen irratia babesten, herriko eragile guztiei ematen baitzien ahotsa.

Egun inork ere ez daki Mozoilo Irratia desagerrarazi zenean, zer egin ote zen 30 urte luzetan prestatutako materialekin. Elkarteko zenbait kidek Udaletxearekin eta Galdakaoko zenbait eragilerekin hitz egin zuten, baina, inork ez du horren inguruan erantzunik eman. Hamar urte luzeren ondoren, berriro ere, lehen urratsak ematen hasi da GDKOko Irratia.

FM bitartez igortzeko lehen erabiltzen zuten antena mendian dago oraindik, beraz, antena hori berreskuratu nahi dute. Gaur egun ez daukate lan egiteko lokalik, hortaz lokal berri baten bila dabiltza.

Herritarren babes hori, herritarren diru-laguntza moduan jaso nahi dute, Galdakoztarren irratia berreskuratu nahi baitute. Hori dela bide, urtebete daramate Galdakaoko Kultura sailari diru-laguntza eskatzen. Udalbatzako taldeekin erlazio ona daukate, baina ez dute momentuz diru-laguntzarik jaso.

Herriaren ahotsa izateko birjaio da GDKOko Irratia. Irratiaren erronkarik gogorrena FM-n igortzea da. Hurrengo urteetarako duten erronka garrantzitsuena, berriz, galdakoztarren ahotsa islatzea da. Kolore guztietako galdakoztarren ahotsa izan nahi dute.

Euskara eta gaztelaniaren arteko erabilera naturala

Bestalde, 2017. urteko abenduan eta hamar urteko etetearen ondoren, Mozoilo Irratia martxan jarri zuten zenbait pertsonak. Galdakaoko Irratia berreskuratzea lortu zuten, egun GDKO Irratia izenarekin ezagun dena. 38 pertsonak osatzen dute proiektu ikaragarri hau: Leioako Unibertsitateko 32 Kazetaritza ikaslek, zenbait boluntariok eta Mozoilo Irratia Elkartea sortu zuten zenbait partaidek osatzen dute galdakoztarren irrati berria.

Sare sozialetan 12.000 jarraitzaile baino gehiago ditu eta webguneak 40.000 bisitari baino gehiago jasotzen ditu hilero. Irratiak web orrialdearen bitartez igortzen du seinalea.

Halaber, helburuak argi daude: batetik, hedabide libre eta zabal bat eskaintzea galdakoztarrei; bigarrenik, informazio libre eta egiazkoa eskaintzea eta galdakoztarren parte-hartzea irratian sustatzea; eta azkenik, euskara eta gaztelaniaren arteko erabilera naturala sustatzea kulturaren dibulgazioaren bitartez.

Era berean, gai anitzetako programazioa aurkeztea bilatzen dute eta Galdakaoko bizitza sozial eta kulturalean era eraginkor eta aktibo batean parte-hartzea, denon arteko elkarlana sustatuz. Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Galdakaoko erakundeekin lankidetza lagunkoi bat izatea da helburua.